Beste haritzen artean nabarmenduko da udazkenean oso kolore gorriak izaten dituelako -haritz gorria ere deitzen zaio-. Hainbat lekutan zuhaitz hau gure haritza (quercus robur) ordezkatzeko landatu zen. Zergatik? Gurea baino askoz ere bizkarrago hazten delako eta egurra merkeagoa delako ere. Arrazoi ekonomikoak direla medio, gure basoak gorriz tindatu ditugu. Ez dut zalantzan jarriko oso ederrak ikusten direnik, baina, txanponak bezala, edertasun honek ere badu beste aurpegi bat.
Gure quercus robur haritza erabat zapaltzen du -argazkian ikusgarriak dira amerikar haritzaren eta gurearen arteko hostoen tamaina-, eta honi gehitzen badiogu askoz ere denbora gutxiago behar duela handitzeko, badakigu amerikar haritzaren itzalak ito eginen duela ez baitu ikusiko ezta eguzkia ere.
Zuhaitz inbaditzailea dugu. Bertizeko basoan daudenak kentzen ari dira, batzuk moztuta eta beste batzuk mozketak eginez enborrean, lurretik metro batera edo, tente hil daitezen. Honekin batera, beste zuhaitz mota batzuk landatzen ari dira jakinda noiz, nola, non, zenbat...Bertiz Parke Naturala denez ezin dute izan landare eta animalia inbaditzailerik. Orgin ere gauza bera egiten ari omen dira.
Zuhaitz honek 30 urte inguru behar ditu haziak izateko eta gero erraz hedatzen da. Txikiak direnean beraien arteko borrokan batzuk hiltzen dira eta beste batzuek, indartsuenak, aurrera egiten dute. Dauden lekuetan, biodibertsitate gutxiago izaten dute. Katagorriek gure haritzaren (quercus robur) ezkurrak lehenago jaten dituzte amerikar haritzarenarenak baino, zergatik ote?
Ingurugiroaren ezagutza ezinbesekoa da baso osasuntsuak izateko eta, jakina, lehentasunak naturaren alde jotzeko.