Arratsalde berotsua. Urbasa. Pagoen itzala bilatzen dugu. Iluntzen ari duela ematen du. Eguzkiaren izpiak ez dira sartzen. Eta gure begiek basoak dituen sekretuak opatu nahi dituzte, erreparatuz, behatuz. Tximeleta bat ikusten dugu zuhaitz baten enborrean, itsasita dagoela dirudi. Hilda ote?
Calliteara pudibunda du izena. Tximeleta gautarra eta ileduna. Asko daude Sakanan. Nik, ordea, ez dut behin ere ikusi. Akaso BEGIRATU ez dudalako, akaso orain beste gauza batzuk interesatzen zaizkidalako eta horregatik nago prest IKUSTEKO. Basamortuan badago esaera bat: "zerbait bila bazabiltza, Unibertsoak aurrean jarriko dizu". Oraingo honetan bete betean asmatu du nirekin.
Ez da mugitzen gure tximeleta. Ondoan arrautzak ditu eta beldarrak mugitzen dira enborraren kolorearekin uztartuz.
Eta, bapatean, hilerri bat ikusten dugu, sakabanaturik, tximeletaz josita. Batzuek hegoak faltan dituzte, beste batzuei ez zaie ezer falta. Zer ote da gertatu dena? Hau ez dugu ezagutzen, arrotza egiten zaigu. Eta zuek, badakizue zer gertatu zaien gure tximela gautarrei horrenbeste hilik leku berberan egoteko?