Aminanespila kaletik nindoala izugarrizko ezustekoa hartu nuen Cortaderia selloana landare batzuk ikusi nituenean. Gogora dakarzikuet oso landare inbaditzailea dela eta erraz hedatzen den landarea dugula hau. 30 kilometrotara zabal daitezke haziak. Oraindik garaiz gaude daudenak sustraietatik ateratzeko.
Altsasun lur-eremu pribatuetatik publikoetara zabaltzen hasia da. Argazkian ditugunak zati pribatuetan daudela uste dut, baina argi dagoena da inork ez dituela erein nahiko utzita dagoelako lur-eremu hori. Ez ditut zenbatu, baina asko daude eta hortik, nora?
Espezie inbaditzaileak, bai animaliak, bai landareak oso kaltegarriak suertatzen ari dira gure ingurumenarendako, ikusi besterik ez dago gure ibaietako karramarroak non gelditu diren karramorro amerikarrak etorri zirenetik, adibide gisa. Espezie autoktonoak desagertzen dira gure biodibertsitatea egoera larrian jarriz. Eta zer esanik ez dago ere kalte ekonomikoak oso handiak direla.
Ibarmusu, Zuntaipeko basoa, Isasia, Aminanespila kalea, hauek nik ikusi ditudanak, baina gehiago ere egon daitezke naturak ez baitu mugarik ezagutzen. Hau Altsasun, auskalo zein herritan gehiago gertatzen ari den gauza bera.
Altsasuko udalari zuzentzen diot nire galdera: ba ote dugu asmorik gai honi heltzeko?
Gure bazterrak ezagutu herria ahal den hobekien kudeatzeko.