Harris arranoa aske utzi du bere jabeak. Ez da aldentzen asko, ordea, baina ez badu hegaz egiten gero ez du janaririk izanen. Ez da ahaleginduko alferrik -dio jabeak. Eta ez ote du gogorik izanen libre izateko? -galdetzen diot nik. Jan ondoren aske utziko banu agian ez litzateke itzuliko, baina berak ongi asko daki hegaz egin ondoren bere saria izanen duela eta horregatik ez du ihes egiten -erantzuten dit. Harrigarria!! Askatasunaren ikurra lotuta eta, pozik!!??
Horretan nenbilela non ikusten dudan beste harrapari eder bat. Hau zortea nirea!! Bele batekin borrokan ari da. Zein ote?
Arrano txikia (Hieraaetus pennatus) espezie migratzaile transahariarra dugu hau. Behin kabia non kokatu behar duten jakinda, arra hegaldiak egiten hasten da eta emea kabia. Orain ulertzen dut belearekin izan duen liskarra; oso lurralkdekoiak dira. Kabiak zuhaitzetan egiten dituzte eta horregatik baso-masak behar dituzte, baina argiguneak ere ehiztatu ahal izateko.
Batez ere hegaztiak jaten dituzte, baina insektuak, narrastiak eta ugaztun txikiak ere ez zaizkio mokoan faltako.
Gure arrano txikiari mehatxu faktoreak ere ez zaizkio arrotzak egiten, habitataren suntsipena baso ustiapenagatik, suteengatik eta erakuntzagatik. Baina ez dira bakarrak eta zerrendan beste faktore garrantzitsu batzuk ere gehituko ditugu: ehiza ilegala, habien espoliazioa, elektrokuzioak, errepide berrien eraikuntza eta baso-jarduera kabien inguruan.
Iraila-urria aldera joan eginen zaigu berriro ere Afrika aldera. Hurrengo urtean bueltan izateko Sakanako zeru zabalean, zain ditzagun gure basoak!!!