Sakanan beste arto mota bat ere ereiten ari gara eta honekin batera Asiakoa den landare bat ekarri dugu gurera, Abutilon theophrasti. Han jute erabiltzen den moduan erabilia izaten zen alfonbrak eta horrelakoak egin ahal izateko. Oso kaltegarria omen da artoarendako ura eta elikagaiak xurrupatu egiten dizkio eta. Hau gutxi ez balitz, landare inbaditzailea bihurtu zaigu nahiz eta oraindik artoa ereiten den lur eremuetatik ez den ateratzen, edo ez da ia ikusten behintzat, arriskua ordea, hortxe dugu bete betean.
Haziek 50 urte iraun ditzakete lurrean. Oso emankorra dugu, 3.000 hazi sor ditzake landare bakar batek!! Eta zabaltzeko garaian, ongarriaren bidez, nekazaritzako makineriaren bidez eta uraren bidez ere zabaltzen ari gara, hemendik hona, handik hara.
Egia esan, espezie inbaditzailearen kontua oso larria da eta gure inguruan ikusten dugunarekin oso arazo kezkagarria bihurtzen ari zaigu gero eta landare eta animalia gehiago daudelako hemengoak ez direnak eta ekartzen ari garelako batzuetan nahita eta beste batzuetan nahi gabe. Informazioa beharko genuke zeintzuk diren espezie horiek eta ze kaltea sortzen ari diren gure ingurumenean.
Begiak zabaldu, egunero guretzat berria den zerbait ikus dezakegulako.