Elurra bota du herrian eta hurritzaren gerbak ageri dira elurraren zuritasunean. Leihoaren atzetik liburu bat eskuan dudala, Irlandatik datorren kontakizunari so egiten diot.
Finneces poetak izokin baten atzetik zazpi urte eman zituen. Izokin hau Boyne ibaian bizi zen hurritzen artean. Poeta honi esan omen zioten izokin hori jaten bazuen dena jakitera iritsiko zela, izokinak hurrak jaten zituen eta.
Azkenean, Finneces-ek izokina harrapatu zuen eta bere ikasleari, druida baten biloba zenari, eman zion prestatu zezan. Baina, baldintza bat jarri zion aurretik: ezingo zuen dastatu. Finnes ikasleak arraina zartagian zuela, hatz lodia erre zen eta senaz, ahora eraman zuen hatz zauritua. Momentu horretan jakintza eta inspirazioa eskuratu zituen.
Horrela, zerbait jakin nahi zuen bakoitzean, hatz lodia ahora sartu eta kanta bat abesten zuen. Ez zuen gehiago behar izaten jakin nahi zuena jakiteko.
Hurritza 9 zenbakiari lotuta dago. Ziklo baten bukaera da eta beste baten hasiera.
Hur asko izatea emankortasunaren eta oparitasunaren seinalea da.
Zakua hurrez beteta duzu?