Beti liluragarria iruditu zait zapaburuen itxuraldaketa. Gaur basora joan naiz bila eta hortxe zeuden putzuetan. Batzuk oraindik babesturik arrautzetan, puntu beltzak ikusten zirelarik bakarrik. Beste batzuk, ordea, arrautzetatik kanpo, libre eta igerikan.
Eguraldi eguzkitsua eta epela otsaila honetan. Mailu bat balitz, klima aldaketaren kezka ate joka ari zait buruan. Nola nabarituko ote dute zapaburuek? Epeltasun honek, bere prozesuan eragina ote du? Egun batzuk aurreratuko da eraldaketa? Ze tenperatura beharko ote dute bere itxuraldaketa ongi burutu ahal izateko?
Nire galderak berotasunak urtzen ditu eta beste gogoetak ekartzen dizkit. Semea haurra zenean bost zapaburu harrapatu genituen beren itxuraldaketa ikus zezan. Errekatik ekartzen genuen ura eta bi egunoro aldatzen genien. Batek besterik ez zuen aurrera egin eta honek aukera eman zigun bere eraldaketaren prozesu guztia ikusteko. Zapaburua igela bihurtu zen eta gu zortedunak.
Begira gelditu natzaie berriro eta hau guztia gogoratuz, banoa irrifartsu.