Guerguitiain, Indurain, Turrillas, Urbicain, Beroiz, Iriso, Ardanaz, Izanoz, Reta, Zuazu, Mendinueta, Lizarraga eta Idoate. Herri hauek Izagaondoa bailara osatzen dute. Batzuk hutsik daude, beste batzuetan, ordea, ia ez da inor bizi. Guztira 150 pertsona erroldatuta daude eta horietatik, gutxiago oraindik, eguneroko bizitza Izagaondoarekin partekatzen dutena. Dena den, herriak eta duten ondarea bizirik irauteko, izugarrizko ahaleginak egiten ari dira.
Ez dira hainbeste urte ezagutu nuela bailara hau eta geroztik ezin izan dut ahaztu. Behin, hango herri batean, emakume batekin topo egin genuen. Gustura asko gelditu zen gurekin hizketan. Herri horretan familia bakarra bizi zen, berea, eta asteburuetan beste bi familia gehiago etortzen ziren.
Orain dela urte batzuk, asko, autobusak gelditzen ziren Izagaondoan, dendariak ere joaten omen zitzaizkien janaria eta bestelako gauzak saltzera. Baina, herriak hustuz joan ziren eta ordutik ez da inor saltzera hurbiltzen. Autobusak ere, jendeak bezala, herriak utzi zituzten zerbitzuak bertan behera utziz. Erosketak egiteko beste bide bat hartu behar izan zuten, Iruñekoa.
Etxeak erortzen hasten dira, eta harriak lurrean zauri horren lekukoak dira. Haritzek, ordea tente diraute eta ez dute inongo asmorik enborra makurtzeko. Izagaondoko Lizarraga herriak izugarrizko hariztia zutik mantentzen du. Argazkian dugun horrek, adibidez, enborrak 7,5 metro ditu, altueran 17 metro eta adaburuak 22 metro ditu. San Frantzisko Xabierkoari herentzian utzi omen zioten zuhaitz hau. Pentsa zenbat urte dituen!! Nafarroako Natura Monumentua izendatuta dago.
Eta hortik metro gutxitara, Erdi Aroko beste herri bat dugu. Oraindik pareta erdi bat ikus dezakegu. Herria Santa Konstantza zen eta hau ere San Frantzisko Xabierkoaren anai batena zen, Miguel de Azpilicuetarena.
Argazkia: Quercus humilis.