Elizari argazki bat ateratzen ari gintzaizkiola, hiru gaztetxo hurbildu zitzaizkigun eta lasai asko gurekin gelditu ziren elizaren gorabeherak aipatuz. Bere historiarekin hasi ziren, nork egin zuen erlojua, zein garaikoa den eliza, nori eskatu ahal genion giltza eliza ikusteko... Hau guztia entzuten ari nintzen bitartean, nire harridura eta miresmena erakutsi nizkien solasaldiari denbora emanez.
Kontatu ziguten ere ze etxeak dauden erosteko, zein komeniko litzaigukeen gehiago eta zergatik, zenbat biztanle dituen herriak, eta abereak kontatuz gero, guztira zenbat bizi diren. Zertan lan egiten duten herriko bizilagunek, ez dutela eskolarik eta zena elkartea bihurtu dutela...
Hara bizitzera joanez gero, goizetan entretenituko omen ginateke txoriekin, txistuka komunikatzen omen dira beraiekin. Ikus daitezkeen txori espeziak ere aipatu zizkiguten.
Eskolan ez omen diete horrelakorik irakasten, bai ordea, herriko gizon batek; herria ezagutu eta bere historia eta kontakizunak transmititu egiten dizkie.
Zorionak transmititu egiten duen gizonari, eta zorionak gaztetxo hauei ezagutza hau bereganatzen jakiteagatik eta ingurua hain ongi behatzeagatik. Eta esker mila ere, jolasak alde batera utziz, beren ezagutza gurekin pozik partekatzeagatik.
Argazkia: Bikuña (Araba)