Sentsazioak

Erabiltzailearen aurpegia Basoa 2017ko urt. 16a, 20:49

 

 Quercus aldizkariak, abenduko alean, bazekarren hartzaren inguruan erreportaje bat.  Basora joaten naizenean, batzuetan pentsatzen dut ze sentsazio izanen nukeen hartz bat aurrez aurre agertuko balitzait.  Hartzak hemendik urruti daudenez, pentsamendu hau nahiko estralurtarra izan zitekeelakoan nago. Iaz, ordea, Altsasun zirkoa kokatu zen Dantzalekun. Basoan paseiatzen zegoen bikote bati agertu zitzaien hartz bat ondoan jabea zuelarik.  Izugarrizko ezustekoa harrapatu omen zuten.  Susmoa dut nire pentsamenduak ez zeudela hartzarengandik hain urruti.

 

Eta erreportajeari bueltatuz, 1929an Castellongo herri batean egindako argazkian, hartza ikusten da bere jabearen eta haur batzuen ondoan,  lotuta eta pandereta batekin.  Amarekin hizpide izan nuen argazki hau eta bera kontatzen hasi zitzaidan orain dela laurogeita bost urte inguru Iturmendin bizi zela, noizean behin horrelakoak gertatzen zirela herrian.  Batzuetan hartzak ziren, besteetan tximinoak, denak jabeak agindutakoa “prest” betetzeko.  Baita gameluak bideberritik pasatzen ere. 

 

Gaur, berriro Quercus aldizkarian, irakurri dut Leonen hartza bat ito egin dela altzairuzko lazo batekin.  Nonbait, tranpa hauek jartzen omen dituzte basurdeak harrapatzeko eta ez omen dira legalak izaten.  Pentsamendu berbera etortzen zait burura: ze sentsazioa izanen nuke hartz bat itota ikusiko banu?

Argazkia: internet