Atzera begira

Erabiltzailearen aurpegia Basoa 2017ko urt. 30a, 22:30

Haurra nintzenean ontziak berrerabiltzen ziren.  Dendara joaten ginen kapazua eskuan genuela edo beste poltsaren batekin.  Ontziratu gabeko produktuak saltzen ziren, gailetak, arroza, fideoak... paperezko zorroetan sartu eta listo.  Lixiba bera erosi ahal izateko hustuta zegoen lixiba ontzia ordezkatzen zen -3 pezeten truke- beteta zegoen beste batengatik.  Gauza bera gertatzen zen gaseosa, ardoa, garagardoa... erosi nahi ezkero.  Modu honetan ez zen ontzirik zaborrara bota behar izaten, dena erabiltzen baitzen.

Arrandegira platerarekin joaten ginen, horrela ez genuen behar ez paperik arraina biltzeko, ez poltsarik eramateko bi funtzio hauek platera berak betetzen zituelako.  Eta, atzera begira jartzen bagara orain, ideia ona iruditzen zaigu plastikoaren erabilera murriztea arazo larria suertatu baita gure munduan, lurrean nahiz itsasoetan.

Baztango Udalak eta Malerrekako eta Bortzirietako mankomunitateak arrandegietan tuperrak ematen hasi dira hondakinei aurre egiteko asmoz.  Proiektu honetan arrandegiak ere parte hartzen ari dira. Erosketak egiterakoan erabiltzen badira, bonoak eskuratu daitezke zozketa batean sartzeko.  Ideia ona plastikoak saihesteko, ezta? 

Argazkia: erran.eus web orritik hartuta.