Bi aukera ditugu: informazioa jaso edo gure kabuz esploratzen hasi Izkik ematen diguna. Korresetik bide bat hartzen dugu. Motza izan da, baina ez horregatik interes gabekoa. Bidean izpilikua, azeri-mahatsa, udaberri-lore goiztiarrak, biri-belarrak, insekturen bat ere ez da falta izan. Quercus pyrenaica arizti batean bukatzen dugu. Itxituraz inguraturik dago eta gure buruari zergatia galdetzen diogu. Geroago jakin dugu Europako Quercus pyrenaica zuhaitzaren erreserbarik handiena dela. Beharbada hortxe dago itxituraren arrazoia.
Bertan txoriendako egurrezko habia ikusten dugu, ez ordea bertako bizilagunik. Hegazti-harraparirik ere ez da ageri inon nahiz eta zonalde paregabea izan hegazti hauek ikusteko. Orain dela gutxi Izkiko parketxean hitzaldi bat burutu zen Bonelli arranoaren berreskuratzearen inguruan arabar mendialdean.
Korresera bueltatzen gara eta parketxean sartzen gara. Bikain prestatuta. Ikusmena, entzumena, usaimena eta ukimena landu daitezke. Oso gauza xumeak bezain interesgarriak zentzumen hauek erabiltzeko. Helduondako aproposa beldurrik gabe jakin-mina asetzeko naturaltasun osoz. Haurrendako, zer esan? Gozatzekko parada gauzak ikutu daitezkeelako esperimentatzeko asmoz soinuen bidez, animalien oinatzak ezagutuz, txorien txiokak ezberdinduz baita paisaia osatu puzle bat eginez.
Langile batek esan zigun barrukoa beraiek egiten ari direla. Zoriondu dugu mimoz egindako lana baita eta hori, bisitariondako, altxorra bihurtzen delako.
Argazkian dugunak balio digu Izkin dauden hainbat zuhaitz ezagutzeko asmoz. Azpian dauden kutxa horiek zabaldu eta... jakin nahi duzue zer dagoen?
Informazio gehiago Izkiko parketxean.