Begi aurrean natura askotan nahiko latza azaltzen zaigu, eta kontatuko dizuedana adibide bat izan daiteke. Etxe atarian habia egiten dute buztangorriek, badaramatzate urte batzuk. Ez dakit buztangorri berberak ote diren edo herentziaz ere utz daitezkeen habiak. Kontua da aurten ere etorri direla eta bertan bost txita aurrera ateratzen saiatu direla.
Baina, urtero ez dira gauza berdintsuak gertatzen eta pentsatzen ez zutena gertatu zaie gure txitei. Goizean goiz kalera atera eta non ikusten ditugun txita guztiak lurrean. Arraroa egin zaigu gertakaera hau oso txikiak baitziren oraindik habiatik alde egiteko.
Kalean, ezkutaturik, itxoin dugu denboratxo bat. Txolarre ar bat hurbildu da. Momentuz ez dago kezkatzerik. Inozoak gu!! Habiara abiatu da ziztu bizian eta bertatik, mokoka, lurrera bota ditu berriro guztiak.
Gure buztangorriak zauriz beteta gelditu dira. Hau izan da haien azken hatsa eta gure ezusteko galanta. Zer esan ez genekiela gelditu gara.
Natura denok garela esaten diot nire buruari eta honetaz gizakiok asko dakigu, ezta?
Argazkia: Phoenicurus ochruros