Detroit hiriak eta guk

Erabiltzailearen aurpegia Basoa 2017ko mai. 22a, 21:22

Ba ote dugu zerikusirik? Pozgarria gertatzen zait irakurtzea munduko hainbat lekutan proiektu ikusgarriak egiten ari direla mundu hau hobetzeko asmoz.  Horietako bat Detroit hirian sortu da eta, bereziki, atentzioa deitu dit.  Zergatik? Estatu Batuetan delako, eta egon badaudelako ere beste proiektuak, iritziak eta pentsamenduak handik niregana nolanahi iristen ez direnak. Hiria delako, jende asko, denetarik, baina hala ere gai izan dira administrazioetatik kanpo biltzeko, elikagaiak ekoizteko eta beste bizitzeko modu berri bati eusteko.

 

Harriturik gelditu nintzen Detroit hiria pixka bat ezagutu nuenean Cyril Dion-en eskutik. 1950 urtetik hona hiriak jendetza galdu du, bi milioi biztanle zituen eta egun 700.000 inguru dira .  Honen ondorioz eskola ugari hala nola elizak eta etxeak hutsik gelditu dira.  Negozioak eta enpresak itxi dira eta honekin batera biolentziaren menpe gelditu dira kale batzuk. Halloween ospatzeko gazteek hutsik dauden etxeetan sua pizten dute -ia gehienak egurrezkoak dira- eta, zer esanik ez dago nola gelditzen diren denak. Paisaia, benetan, suntsigarria omen da.

 

Jendea mugitzen hasi zen eta programa bat sortu zuten: hiriko nekazaritza hain zuzen.  Eta ez hori bakarrik, milaka zuhaitz ere landatu zituzten. 

 

Ikasleek ereitea eta landatzea ikasi dute, lurra nola zaindu. Gazteek denondako onura ekartzen duten lanetan aritu dira. Helduek, berriz, formakuntza jaso dute lan berdeetan eta nekazaritzan.  Honen ondorioz baratza ugari sortu dituzte, batzuk parke publikoetan.

 

Detroit hirian lurra berreskuratzea erabaki dute independentzia politikoaren aldeko aitorpen gisa eta dituzten oinarrizko beharrak betetzeko. Jendeak boterea berrartu nahi du elikagaiak ekoituz eta sistema politiko eta sozial baten bidez. Autonomoak eta erresilienteak izan nahi dute.

 

Istorio ederra, ezta? Informazio gehiago jaso nahi baduzue irakur dezakezue “Mañana, una revolución en marcha” Cyril Dion.

Argazkia: Detroit (internet)