Zer esanik ez dago sugeek ospe txarra dutela eta, sinestezina bada ere, guk gustuko ez ditugunak jaten dituztela, arratoiak eta xaguak kasu.
Hau guztia ez da, ordea, toki guztietan gertatzen. Maroko aldean, adibidez, turistak entretenitzeko erabiltzen dira. Eta emozio gehiago emateko asmoz, suge pozointsuak harrapatzen dituzte, kobrak eta biborak. Baina turistei eskuetan hartzea ere gustatzen zaienez, beste lau suge mota, pozointsuak ez direnak, alegia, erabiltzen dituzte eta bat gure Natrix maura da. Alde batetik ausartak dira harrapatzen dituztenak behin baino gehiagotan hatzik gabe gelditu baitira, hori edo heriotza aukeran. Beste batzuetan, ordea, bertan seko gelditzen dira, bakardadean hil arte. Lanbide hau eragina izaten ari da suge hauen populazioan, batetik gero eta urrutiago joan behar izaten dutelako harrapatzeko, eta bestetik handienak nahiago izaten dituztelako, bai emeak eta bai arrak. Oreka galtzen ari da.
“Harrapatu” dugun suge honek ez du horrelako arazorik, momentuz behintzat. Irantzu ibaian zegoen janariaren bila, ezin geldituz. Eskertzekoa behin eta berriro argazkiak ateratzeko aukera eman zigulako. Baina ezagutu dezagun pixka bat gehiago.
Uda hasieran ur-bazterretan jartzen ditu arrautzak, eta irailera arte ez dira aterako gure sugetxoak. Urrian, kaletik atera eta hibernatzen hasten da apiribilera arte. Uretakoa da eta bertan denbora asko ematen du. Zapaburuak, igelak eta arrainak dira jaten dituenak. Baina, lasai asko egon gaitezke berarekin. Ez du hozkarik egiten eta ez da pozointsua. Bere edertasunaz gozatzeko gure denbora pasa dezakegu ez baitu inongo arriskurik.
Hori bai, ikusten bagaitu eta izutu egiten bada edo zirikatzen badugu, bere burua defendatuko du erasoa joz, usain txarra zabalduz edo botaka hasiz, etsaitzat hartuko gaituenez , bere aldetik urruntzeko asmoz izutu egin nahiko gaitu.
Ez da arriskuan dagoen espeziea, baina uraren garbitasuna izanen da bere biziraupena.
https://www.youtube.com/watch?v=Ta6jtvoeVns
Argazkia: Natrix maura