Hitz eta pitz Daniel Garcia Mina-rekin

Erabiltzailearen aurpegia Basoa 2017ko uzt. 24a, 20:09

Behatzera ikasten da?

 

Egia esan, bai.  Bizitza honetan eta arlo guztietan bezala, eskarmentua plus bat da.  Eta ez bakarrik espezieak identifikatzeko garaian, baizik eta jakiteko ere zeri erreparatu espezieak bereizteko, animalien jarrerak, lekurik egokienak animaliak bilatzeko, baita, pentsa! zeruan dauden mugimendu txiki eta urruti horiek, uretan, landaretzan... antzeman ahal izateko,

Gero eta ordu gehiago eman landa-azterketan, gero eta gehiago ikusten da eta, halaber, azkarrago opatzen da.

 

Oso bloga osatua duzu, avistadepajaros.wordpress.com, zenbat denbora ematen duzu IKUSTEN zure ingurua?

 

Urte-sasoiaren arabera.  Batzuetan, egunero ateratzen naiz kanpora, besteetan, aldiz, ez ditut ezta prismatikoak ere hartzen.  Uda, adibidez, oso txarra da hegaztiak ikusteko Iruñean, bero handia eta mugimendu gutxi. Neguan, berriz, urte-sasoi hotza igarotzera guregana etortzen dira hegazti negutarrak eta, jakina, asko nabaritzen da. Eta udaberrian, orduan bai dagoela mugimendua!! Paseko hegaztiak, udaldikoak, araldia eta hegazti asko ere gehiago ibiltzen dira agerian.  Egia esan, urtaro guztietan nago murgildurik honetan, udan gutxiago, baina hala ere, saiatzen naiz astean, behin bada ere, ateratzen ea zer ikusten dudan.

Egun batzuetan paseo motza ematen dut eta denbora gutxi egoten naiz, baina eguna emankorra bada, goiz osoa egoten naiz.

 

Iruñea izugarri gustatzen zait eta zure bitartez ezagutu dut Iruñeko beste zati hori, nabarmenduta ez dagoena, beharbada ezezaguna delako.  Aberatsa da faunan eta floran?

 

Aberatsa ez, oso aberatsa.  Ibaia biziaren iturria da. Sadar eta Arga ibaiak izatea hiria zeharkatzen eta bitan zatitzen, kriston bizitza da. Faunarako benetako lekua.  Gainera, berdegun eta lorategi ugari ditugu eta hegaztiek hauetan bilatzen dute jana, insektuak, zuhaitzen eta zuhaixken fruituak eta babesa, bai zuhaitzetan, bai sasietan, oso leku egokiak dira hegaztiak ikusteko.  Adibidez, Unibertsitate publikoko eta pribatuko lorategiak ibaia ondoan dutelarik, Yamaguchi, Vuelta del Castillo eta harresiak, Usainen parkea, Magdalenaren aldeko baratzak… Hiritik atera gabe, toki asko ditugu animaliak bilatzeko. Eta gauza bera esanen genuke landareetaz.  Ur-bazterretan nahiz  lorategietan opa ditzakegu espezie asko apaingarriak eta aloktonoak izan arren, baina aberatsa da ere dugun landaretza.

 

Badago lur antzurik?

 

Segun zertarako. Zaletasun honetarako nik esanen nizuke ezetz. Toki batzuk besteak baino aberatsagoak izanen dira, baina edozein lekutan opa dezakezu fauna.  Aurten Marokon egon naiz, hareaz eta arrokaz basamortuetan, itxuraz ematen du ez dagoela ezer, baina patzientzia eta denbora pixka batekin hegazti eta narrasti espezie mota asko ikus ditzakezu.

Eta gauza bera gertatzen da Iruñean. Edozein kale eta teilatuan bizitzarik ez dagoela iruditu arren, txoritxoak aurkitu ditzakezu porlana eta hormigoiaren artean, baita sugandilak eta salamankesak lurretik eta hormetatik ibiltzen.

 

Txoriak kaioletan

 

Oso gai delikatua eta nahasia. Nik, ordea, ez dut inongo zalantzarik, beti libre. Gertatzen dena da maskoten munduan diru asko mugitzen dela eta oso zaila da eskua sartzea.  Askoz ere politagoa da beti minutu pare batez kardamirua txioka ikustea Ejerzito etorbideko zuhaitz baten puntan, bajera batean dozena bat kaiolan sartuta goiz osoan kantari baino.

 

Jesús Varelak eta Víctor J. Hernándezek beren liburuan “Viaje a las rapaces” diote ez dela basora joan behar hegazti harrapariak ikusteko, etxe ondoan habia izan dezakezu eta.  Iruñean, aurkitu duzu horrelakorik?

 

Bai, eta egia esan uste dugu baino askoz ere gehiago daude. Belatz bikote batzuk badaude habia egiten teilatuetan, loreontzietan, zuhaitzetan, baita harresien zuloetan ere. Eta gauza bera gertatzen da apo-hontz eta mozolo bikoteren batekin.  Hauek hegazti harrapari gautarrak dira eta hirian daude bizitzen.  Zerrenda luzeagoa da hegazti harrapariak ez direnekin, gure artean dituzte habiak eta txitak eta askotan ez gara ezta konturatzen ere egiten.

 

Auzolan eta Ezkaba aldizkarietan parte hartzen duzu.  Garrantzitsua da ingurumenarekiko berriak zabaltzea hedabideetan?

 

Niretzat zabalkundea garrantzitsuena da. Zabalkundea eta heziketa, eta ingurumenaren arloan asko falta zaigu oraindik.  Poliki-poliki ingurumen heziketa hobetuz doa eta edozein hedabide edo modua egokia da horretarako.

Egun, hedabideak, sare sozialak eta gainontzekoak gure bizitzaren zati garrantzitsu bat bihurtu dira eta horregatik erabili behar ditugu ahal den neurrian.  Ni, auzoko bi aldizkari hauetan idazten dudalarik, saiatzen naiz ezagutarazten bertan duguna, eta nire ustez, errazagoa da horrela sentsibilizatzea, hezitzea eta jendeak zaindu dezala duguna, azken finean, beharrezkoa da dena bere bidetik joatea.  Ezagutzen ez dena, inoiz ez da zainduko.

 

Harritu nazazu, hegalak dituzu?

 

Ez, baina gustatuko litzaidake.  Sekulakoa izan behar da zerutik dena ikusi ahal izatea eta zuk nahi duzunerantz mugitzea.  Liluratzen baduzu hegazkinaz joaten zarenean, pentsa leihatilarik gabe tartean, haizea aurpegian sentitzen eta hanken azpian duzun guztia ikusten!  Liluragarria!!

 

Txikiendako animaliak marrazten dituzu eta kontatzen diezu nolakoak diren, nola ikusten duzu ingurumen heziketa ikastetxeetan?

 

Hutsune handi bat dagoela uste dut.  Ez nago oso sartuta irakasten denarekin ikastetxeetan, baina nire heziketa ingurumen arloan oso urria izan zen.  Hala ere, oso zorte ona izan nuen biologia irakaslearekin hegaztiak gustatzen baitzitzaizkion eta jakin-mina piztu zigun, baina ez da ohikoena.

Dena den, ez dut uste ikastetxeen arazoa denik soilik, orokorra dela esanen nuke. Beti da ingurumena begiratzen den azkeneko gauza. Arlo guztietan ekonomia da lehentasuna duena, eta ingurumena eta bere kontserbazioa ia beti azkenak dira.  Messik edo Cristianok gola sartzen dutela astero ikusten dugu berrietan, zerbait aipatzearren, baina ez dira berriak kasko polarrak urtzen ari direla, txolarren kopurua larriki beherantz doala, egunero fauna eta flora mota asko aurkitzen ari direla munduan zehar…  Tristea da, baina horrela da. Ingurumenak ez du saltzen eta hau arazo larria da.

 

Aurrekoan entzun nuen haurrak ez direla etorkizuna, baizik eta oraina, hauxe da zure helburua beraiek gogoan izatean egindako marrazkiekin?

 

Jakina! Beraiek etorkizuna dira eta beraien menpe egonen da mundua. Nolabait, marrazkiekin jakin-mina piztu nahi diet eta inguruan dutena ezagutarazi, lehen esan moduan, ezagutzen bada errazagoa da sentsibilitzatzea eta ingurumena zaintzea hala edo hola.  Marrazkien bidez, natura dibertigarriagoa eta hurbilagoa egiten saiatzen naiz.

 

Amak kontatzen du, gaztetan, herrietara joaten zirela hartzak lotuta eta jabeen esana betetzen.  Zuk libre ikusi dituzu, zer sentitu zenuen?

 

Kriston sentsazioa da!! Badaude hainbat espezie deigarriak direnak, Iberiar penintsulan hartza, katamotza eta otsoa ditugu. Badakizu hor daudela, baina ez duzu pensatzen beraiekin topo eginen duzunik inoiz.  Mundu honetan sartzen zarenean, ordea, konturatzen zara uste zenuen baino errazagoa dela eta lor daitekeela.  Pazientziarekin, zonaldea ezagutuz eta bidean ezagutzen dituzunengandik, sare sozialetatik, blogetatik… jasotako informazioarekin… baliteke!! Eta ikusten dituzunean…mundiala da!!! Askotan oso urrutitik ikusten dira eta prismatikoak edo teleskopioa erabili behar dira, baina momento horretan, niretzat erlojua gelditzen da.  Orduak leku batean itxaroten geldirik, loari lapurtutakoak, bidai luzeak, hezurretaraino sartzen den hotza…, honek guztiak du bere saria eta zuk jasotzen duzu altxorra!

Gainera, denbora motza edo luzea izan, askotan igarokorra, animaliaren bat ikusten duzun aldiro beti desberdina eta berezia izaten da.  Naturak oparitzen dituen momento bereziak dira eta askotan kontzienteak ez garenak, baina iberiar penintsulako altxorrak dira.  Emozio  hau ez da sentitzen, berriz, espezie handi hauekin bakarrik. Garrasi egiten entzutea Pirineotako marmota bati eta ikustea Vuelta del Castillon kaskabeltz bat bere txitei jana ematen, Magdalenan belatz batek mirua erasotzen, Aranzadiko presan lertxunak arrantzan, Nogaleran kattagorri bat korrika adarretatik, ahate emeari jarraitzen ahatetxoak, apo-hontzak entzutea uztaileko gau batean Ciudadelan… Hau guztia da natura bete-betean etxeko atarian duguna eta ia balioa ematen ez dioguna.

 

Toki asko ezagutzen dituzu, zer nabarmenduko zenuke Sakanan?

 

Sakana oso leku egokia da animaliendako. Iruñak Arga duen moduan, Sakanak Arakil dauka, biziaren iturria.  Gainera, mendi garaietaz inguraturik dago, harkaitz ederrak ditu Aralar, Urbasa, Andia, Trinitatea eta Bi Ahizpak.

Hariztiak eta pagadiak, larreak eta zuhaixkak.. Landaretzan anitza eta honek aniztasuna ekartzen du animalietan.  Igaraba eta bisoi europarra ugaztunetan deigarrienak, basoan eta harkaitzetan (gehienak) hezitzen diren hegaztiak, okil beltzak, miru gorria (estatu mailan desagertzeko arriskuan), saiak eta sai zuriak nabarmenenak aipatzearren, zerrenda, ordea, askoz ere luzeagoa da.  Gainera, ezin ditugu ahaztu urmaeletan dauden anfibioak eta harkaitzetan dauden narrastiak.

Beraz, Sakana Nafarroako leku guztiak bezala, oso leku ona da animaliak ikusteko eta naturaz gozatzeko.