Nafarroako barraskiloen bilera. Betarik izanen ote duzu denak ezagutzeko?
Zaila izanen da gure lurrean arrastakan eta adurra jarioz dabilen guztia ezagutzea. Nafarroan 200en bat espezie daude guk dakigula, baina agertzen ari dira gehiago, gure ondoan bizi diren espezieak dira eta guretzat ezezagunak zirenak. Denak biltzea? Ezinezkoa litzateke. Batzuk uretakoak dira, beste batzuk lurrekoak, lezeetakoak… Beren lekutik kanpo hil eginen lirateke.
Geldotasuna haserre dago erlojuarekin?
Ikusi nahi badugu naturaren funtzionamendua, ulertzen saiatu eta argazkiak atera, hobe izanen dugu erlojua etxean uztea.
Esaten denez, animaliengan miresten duguna pertsonengan ere miresten dugula. ¿Zer da barraskiloengan liluratzen zaituena?
Haien habitatetara egokitzeko duten modua. Geldoak dira, baina ikus daitezke ere gure mendietan izotzaz inguraturik bizi diren espezie batzuk. Klima aldaketak jokaldi makurra eginen die.
Patzientzia eta zu, eskutik zoazte?
Ezta gutxiagorik ere! Oso ipurtarina naiz, baina natura behatzeko dudan zaletasun berak, lasaiago ibiltzera behartu nau.
Bardeak, barraskilorik bizi daiteke?
Bai, badaude espezie batzuk. Sphincterochila candidissima, Iberus alonensis, Xerocrassa penchinati… giro bero horietakoak direnak, eguzkitan eta 40 gradutara beren maskorretan itxi eta lasai asko gelditzen dira bertan.
Mm 1
Barraskilorik txikienaren tamaina da, Punctum pygmaeum, Zospeum.
Zenbat muki! Katarroa izanen ote dute?
Guri mukiek gure gorputzetik birusak eta bakteriak kanporatzeko balio digute, beraiei, aldiz, organismo hauetatik babesteko. Garatxoak desagertarazteko barearen mukiaz igurtzi egiten genituen. Sorginen erremedioa zirudiena, orain berriz, zientzia izaten hasi da.
Aralar
Gutxienez, bi lurreko barraskiloak bizi dira, nahiko handiak direnak eta endemikoak (barraskilo hauek Lur planeta guztia izan arren, gure Aralar mendian, soilik, bizitzea erabaki dute), Pyrenaearia velascoi, Helicella orzai. Baina, mendia kobazuloz eta iturriz beteta dago, endemismo ugari eta tamaina txikikoak bizi dira. Poliki-poliki izena jartzen ari zaie.
Eskolan maskor handi bat oparitu zidaten. Itsasoa entzun nuen. Entzun ala asmatu?
Maskorra Donostiakoa izanen zen, hemen ditugunak txikiak dira eta Lamiek eta Iratxoek bakarrik entzun ditzakete kontatzen dituzten istorio zahar haiek.
Krask! Barraskilo bat. Ezta begiratu ere.
Zapaltzen dugunean, orduan konturatzen gara izaki bizidun bat dagoela. Espero dezagun ez bukatzea planetaren aniztasunarekin aurretik ezagutu gabe.
Beti etxearekin bizkarrean ala badago atsedenaldirik?
Baditugu barrakiloak maskordunak eta maskor gabeak (bareak), eta bien arteko formak direnak ere, apaintzeko duten maskor txiki batekin, Semilimax pyrenaicus, Testacella haliotidea
Zer, lasterketa bat?
Espezie batzuendako oso konponbide ona litzateke bizi diren tokian klimaren aldaketa iritsi baino lehen. Ori-ra igo nintzen lehendabiziko aldiz barraskiloak ikustera, Pyrenaearia carascalensis kolonia bat opatu nuen eta joan nintzen hurrengoan, ez nuen ikusi. Pirineotako endemismoa da eta hau zen 2.000 metrotik gora mendebaldeago bizi den kolonia.