Hitz eta pitz Mikel Goñi-rekin

Erabiltzailearen aurpegia Basoa 2017ko ira. 25a, 19:41

 

Orain dela urte asko tximeleten eta insektuen erakusketa bat ikusi nuen Planetarioan.  Hilik egon behar miretsita izateko?

Ez, ez da beharrezkoa. Kontua da erakusketa batean gauza asko ikusten ditugula eta ez da inongo ahaleginik egin behar.  Baina, insektu batek miesteko duen zatirik handiena, hilik dagoenean galtzen da, hegaz egiten duen moduan, mugitzen denean, ingurumenarekin elkarri eragitean...

 Egun guztia zintzilik, trapezista izanen ote da?

Bai, trapezista, ehailea, espioia, eskalatzailea eta askoz ere gauza gehiago. Spiderman pertsonaia irudikatu zuen sortzaileak eta heroitzat hartu zuenak, bazekien, bai, nori begiratu.

 Eta miopea? Begi asko ditu!!

Miopea? Zer pentsatuko ote du berak gutaz bi besterik ez ditugunean! Normalki -salbuespenen bat ere badago- zortzi begi izaten ditu estrategikoki kokatuta. Honek ikuspen ederra ematen dio eta oso espektro zabala ere.  Entzuna dut, nolanahi ere, gai direla irudi fokuratuak eta desfokuratuak batera ikusteko.

 Edertasuna zugan dago

Edertasuna nigan dago, zugan, berarengan eta guztian.  Edertasunak jaten gaitu, baina ez dakigu estimatzen. Whashapa bidez, beharbada ezagutuko duzuen istorio bat, zabaltzen ari da: Irakasle batek ikasleei proba bat egin nahi izan zien eta orri zuri bat erakutsi zien.  Bertan, puntu bat jarri zuen toki jakin batean. Ikasleei galdetuz ea zer ikusten zuten, denek puntuaz eta bere kokapenaz hitz egin zuten, baina inork ez zuen aipatu gainerako orriaz, zuriak %99ª betetzen zuen arren.

Edertasunarekin berdin egiten dugu. Ia guztia ederra da, baina joera naturala dugu itsusiari eta negatibotasunari begiratzeko.

 “Oreina hegalaria”, baliteke?

Jakina, Lucanus cervus-ari buruz ari bagara. Koleoptero izugarria dugu, ez du adarrik oreinek bezala, baina bai masailezur garaiak. Arrak erabiltzen ditu borrokatzeko eta eme bat lortzeko. Irabazlea suertatzen da kontrakoari buelta ematea lortzen duenean eta borrokatzeko gai ez denean uzten duenean.

 Beldurtia?

Banaiz, bai. Baita insektuekin ere! Liztor batek etxe barruan oso urduri jartzen nau. Mendian, ordea, ni neu naiz berarengana hurbiltzen dena arazorik gabe.

 Immigratzen…

Ez zara ari hegaztien immigrazioaz, baizik eta gizakiarena, immigrazio beltz horretaz, sorlekuan oinarrizko beharrak ezin bete dabiltzanetaz, ezta? “Bere etxean” inork ez ditu nahi -hau argi omen dago- , beraz, beraien sorterriari lagundu beharko genioke, bertan jarraitu ahal izateko eta dituzten betebeharrei erantzuteko. Herri aberatsek izugarri lagundu beharko liekete herri behartsuei, garapen iraunkorra eta egokia lortu dezaten.

 Zomorroa bazina, zer eskatuko zenidake?

Ezer gutxi. Non zapaltzen duzun begiratzeko eta bizi naizen ingurumenean errespeta dezazun, besterik ez.

 Trikuak eta kotxeak, ezinezko amodioa?

Bai. Zoritxarrez, bideberrietan triku asko hiltzen dira. ¿Nola erakustarazi triku bati ez dituela gurutzatu behar?

 Non bizi da itxaropena?

Eta non ez da bizi? Agian ez da ba, galtzen den azkenekoa? Negatiboki pentsatzeko joera dugu, baina nire ustez, oker gabiltza.  Itxaropena gure ondoan dago, gure baitan.

 Muturrak: polita-itsusia, ona-txarra

Dualtasuna, antonimoak, hor daude eta beharrezkoak dira. Zerbait ezagutzen dugu kontrakoarekin alderatzen dugulako. Polita-itsusia? Edertasun fisikoa gustatzen zaigu eta itsusia dena, niri, bitxia iruditzen zait eta gustuko izaten dut ere.  Azalezko hitzak dira eta ez diet garrantzi handirik ematen.  Ona-txarra? Gehiago interesatzen zait, ez gauzei dagokienez, baizik eta pertsonen jarrerei dagokienez.  Denok ditugu gauza onak eta txarrak. Egunero ahalegindu behar da pertsona zintzoagoak izaten, egoistaki bada ere, hobeki sentituko gara eta.

 Hitz egin iezadazu! Nire burua ireki nahi dut!

Zuk baduzu burua irekia eta nik ez nuke gaitasuna izanen.  Ez dira esanen dizkizuten hitzak, baizik eta beraiekin eginen zenukeen interpretazio pertsonala.  Baloratu, behatu dena, eta ez galdu sekula hobetzeko eta ikasteko gogoa.