Badago oraindik non kritikatua izan?
Kolore asko dituen eta ezagutzen dudan arkatz bati buruz hitz egin diezazuket soilik, ostadarrak baino kolore gehiago dituenaz, eta minak ikatz beltza ez duen horietakoaz. Esanen dizut horrek baduela, bai, punta zorrozteko eta, atzamarrak gurutzatzen ditut... Koloredun arkatz hori, badakizun bezala, eskuetan jarri zidaten orain dela urte mordo bat eta, pentsa! Horrenbeste zahartzen ari naiz! Horrekin eszena asko margotu izan ditut, eskoletan, bulego edo kaleetan zein landa zabaletan. Ikusten duzu, ordu libre gehiago ditudan honetan, inguruko landaretzak dituen koloreekin ari naiz. Portzierto, punta zorrozteaz ni neu arduratzen naiz, gauez, lotan nagoenean, eta esnatu orduko zorroztuta izaten dut. Esanen dizut ere, gau iluna edo egun argia izan, ez dudala lortu ikustea zein luzea den. Azken finean, zer inporta du! Edozein modutara ere, puntari erreparatzen diot soilik...
Fidatu gaitezke informazioaz?
Ahal, ahal, ahalko genuke: norberak bere burua drogatzen baitu harrapatzen duenarekin. Maizago fidatuko nintzateke informazioaz biluztasun koloreekin agertuko balitz. Normalki, ordea, oso jantzita ikusten dut, kontraesanez jantzita, eta bi kolorekin, besterik ez! Inprentaren kolore beltzaz eta teleprompterren zuriaz. Beltzarekin eta zuriarekin bakarrik gelditzea, gurekin edo gure aurka, hau, nire ustez, naturan ez dagoen erredukzionismo hutsa da. Landaretza, dituen mila kolore ñabarmendutarekin eta formekin, edozer gauza da erredukzionista baino: hain da bizigarria aniztasuna!!
Gidatu nazazu!
Goazen, ba! Ihabarretik Andia zelaietara eramaten gaituen bidea hartzen dugu. Hasieran, ikusten duzun moduan, pistaren aldeetan dauden larreek antzeko landaretza dute, artifizialki berdintsuak eginak, baina ezinbestekoak elikagai aldetik. Gero, hartzen dugu oso xenda atsegin bat pagadi, harizti eta gainontzeko zuhaitzen artean, nahiz eta gehien liluratzen nauena den landare txikiak lore irekiekin, koloreaniztun xarma ematen baitiote gure bizitzako beste egun baten aldapa honi. Ikusten ari zara koloredun arkatzarekin jarraitzen dudala xendako loreak margotzen: Aconitum, Ammophila arenaria,Napellus, Convolvulus, Chaerophyllum, Cirsium, Epipactis, Erodium, Eufrasia, Galium, Geranium, Helianthemum, Heracleum, Malva, Meconopsis, Senecio, Aquilegia vulgaris, Diplotaxis, Fritillaria, Gentiana, Orquidea maculata, Acino, Myosotis, Dactylorhiza, Scila, Viola odorata, Veronica… Eta ez egin korrika, atzean erdiak uzten ari naizela!
Isiltasunak hitz egiten du?
Ezzz…! Ezta gutxiagorik ere! Isiltasuna hutsunearen ezkiletan dago bakarrik. Badakigu ba dagoela jendea non bere buruan bizi nahi izaten duen, bere buruaren oihartzunari entzuteko eta garbia sentitzeko. Gainera, araztasuna garestia izaten da eta mantentzeak lanak ematen ditu. Entzun ezazu! Igotzen ari ginenean behean behiei entzuten genien; gero zuhaitzen adarren mugimenduari; gorago haizea eta hegaztiei; Andiara iritsi garenean autobian dabilen trafikoaren etengabeko hotsaz aipatu dugu eta zelaian, zintzarriei. Ez zuk, ez nik ez diogu utzi gure iritziak azaltzeari. Nahiago dut, zalantzarik gabe, zure galderen ahotsa entzutea isiltasunarena baino.
Zure blogen loreek istorio ederrak kontatzen dituzte liedenasanguesabotanica.blogspot.com.es / https://floradonostiasansebastian.blogspot.com.es
A! Eskerrik asko! Ez nekien ederrak zirenik, ez preziorik zutenik ere. Bai, bai, gustuko ditut koloreztatzea eta sareetan edozein landareari buruz duten informazioaz -informazioa berriz?- apaintzea. Konturatu naiz lurralde xumeetatik, Hego Amerikatik edo Asiatik datozen ikerketen emaitzak, dohainik izaten direla eta, aldiz, Ipar Amerikatik edo Europatik datozenak, ordaindu egin behar direla eskuratzeko. Behartsuak, berriro, askoz ere eskuzabalagoak dira aberatsak baino. Xuhur halakoak!!
Zerk elikatzen du irudimena?
Hara! Berriro andre bat: irudimen andrea! Ba, bat-batean ezin nizuke esanen zer jaten duen osasuntsu mantentzeko. Beharbada jakin-mina pixka bat ezaguna den horrekin nahasturik, salteatuta ala nahaskia? Nire ustez nireari ez zaizkiola gustatzen itxurazko mitoak direnak eta nahiago izaten duela errealismo magikoa. Izugarri gustuko du mahaia plater borobilez betetzea, eta bakoitzean aukera bat jartzea aukeratu ahal izateko. Tira, gehiago nahi duela ideia zopa, eta hobeki koloreduna bada, dieta bakarraren belugaren kabiarra baino.
Landarea laztantzen dut, gustuko izanen du?
Bada, zu landareak laztandu ditzakeen artista bat zara. Niri zaila egiten zait egitea. Dena den, ez dit nazkarik ematen loreak hartzea gertutik argazkiak ateratzeko, eta badut argazki bat, elkarrekin egin dugun aldapa horretan aterata, esku artean Fritillaria bat dudala. Uste dut ez berak, ez nik ez dugula ematen haserre gaudenik.
Cortaderia selloana gure basora ailegatu da, kezkaturik nago
Eta ez zara bakarra. Badakizu arreta handiz irakurri dudala zuk gomendatu zenigun liburua “¿De dónde son los camellos?” Erantzuna jakina zen: ekialdekoak, Errege Magoak bezala. Testuan azaltzen ziguten, ordea, gameluak Ipar Amerikatik atera zirela eta hortik mundu barna zabaldu zirela. Testu interesgarri horretan, Julio Verneren eleberri bat balitz gozamen handiz irakurri nuen horretan, azaltzen zen landare inbaditzaileak errotik kentzeari ematen zaion gastuak, alferrikakoa izateaz gain, ez dituela kontuan hartzen eboluzioa, hutsik dauden espazioak eta landaretzaren garapenaren bi faseak, hedapena eta beheraldia, lekukotasunaren arrastoa gelditzen delarik eta laguntzen duena espezie ezberdin asko izatera eta gozatzera Sakanan. Beraz, ez dakit zer gertatuko ote den Cortaderia selloanarekin, baina inbaditu gintuzten pagoekin, orain dela ez hainbeste, nork hartuko lituzke, egun, kanpotartzat?
Potasio, beharra ala negozioa?
Potasio… lehen erabiltzen zen gizonezko izena ematen du, Potasio jauna. Dotore jantzita, bibotearekin, gomina ilean, makilan nakarrezko punta eta negozioak egiten eskuak zikindu gabe, txukuna, badu eta nork zikinduko duen bere burua bere ordez. Potasa andreak, alderantziz, aspaldiko emakume bat gogorarazten dit, Fermina edo Pantxika bezala. Nire amona Mariarekin pasatzen zuten arratsaldea. Potasa andrea oso langilea omen zen, etxeko arropa asko garbitzen zuen, potasa xaboiarekin, hain zuzen. -Zer erremedio dugu, bestela, behartsuek! Beharrak derrigortzen du- ustez, oraindik entzuten diot.
Zer nahiago, zuk opatzea ala zu aurkitzea?
Ba, orain galdetzen duzula, esanen dizut eden edo paradisua aurkitu nahi dudala, baina sugerik gabe, ez sagarrondorik, badakizu, errealismo magiko hori, solasaldian lagunekin egoteko, paseatzeko presarik gabe. A! Eta, gainera, nahiago dut aurkitzen banaute paradisuan egoten naizenean, pausua luzatu gabe eta lanik eman gabe. Beno… ez dela horrenbesterako, alternatiba inozoa izan da. Ea uste duzun erantzun bakoitzean azalera atera behar duzun zeure burua ardi beltza zarela sinestuta!
Ardi beltz bat! Zaila da ikusten?
Ez, ez, urrutitik ikusten zaio. Bere burua gehiegizkotzat jotzen duten ergelei, daltonikoek eta guzti bereizte diete. Kolore gutxiko arkatzekin ibiltzen dira. Hau pena nik! Eta ardi beltz horrekin, zurira eta beltzera bueltatzen gara berriro. Utz dezagun gai hau, gaizki usaintzen du eta.
Izugarri gustatzen zaidan usain hori…
Baina, ez didazu esaten zein den. Niri, ordea, ez zait inporta zuri esatea: haurra nintzenean nire izeba Paquitak zerbitzatzen zuen Donostiako Boulebarreko pisuan egin berri ziren bizkotxoen usainaren oroitzapena dut gogoko. Eta ahuntz-ostoena, eta krabelinena, eta Uliako baserri baten ondoan hartzen genituen mizperoena, eta Liedenako etxeko patioko arrosena, eta Chanel 19koa… Bai, zuri esan behar dizut! Usainak koloreak edo loreak bezala, oso anitzak dira eta sentsazio atseginetatik pasarazten gaituzte, atsegintasunez gogoratuz, batez ere, konpainia dugunean, diot. Eta gaineratu behar dizut ere, oso ongi pasa dudala oinez eta zurekin hizketan. Agur.