Drakula filmaren eraginez edo, saguzarrak bereziak iruditu izan zaizkit beti. Misterio eta iluntasunez beteriko animaliak dira niretzat. Ilunabarrean etxeko atarian hegaz ikusten ditut, beti azkartasunez mugitzen, zehaztasunez begiratzeko denborarik utzi gabe.
Eta iraileko egun honetan aukera paregabea etorri zait bidera. Eguzkiak oraindik gogoz jotzen du. Saguzarrak hegaz ikusi ahala gora begira gelditzen naiz. -Zertan ari dira kalean arratsaldeko seietan eta halako bero latza egonda?”. Ganbara pitzatu ote zaie? - galdetzen diot neure buruari. Ez ditut zenbatu, baina ez dira gutxi bueltaka dabiltzanak. -Argazki bat atera ahalko banie...!”- Eta gora begira jarraitzen dut, begiak kliskatu gabe. Beraiek alde egin baino lehen behatu nahi ditut, nire azken minutuak horretan eman nahiko banu bezala.
Pauso batzuk haratago, berriz, bertan seko opatzen dugu bat bisitari batekin gainean. Oso txikia da, ipotx horietako bat. Espezie hau egunsentitarra da eta zein zen jakin bezain pronto, nire galderei erantzun diet. Maiz ikusten dira gizakiok bizi garen lekuetan. Etxeko txokoak gustuko dituzte eta lorategiak, parkeak, utzitako etxeak… Ez dakit zer izanen ote dugun gure artean hain eroso sentitzeko.
Bost urteren buruan hilko dira gehienak; batzuek, ordea, hamabost urte ere iraun omen ditzakete. Ea bada, ikusten jarraitzen dugun.