Hitz eta pitz Cruz Miguel Babace-rekin

Erabiltzailearen aurpegia Basoa 2017ko aza. 13a, 19:59

Badute historia orkideek, e!

Orkideek bizia dute.  Historia gizakiok asmatzen dugun zerbait da, eta horretaz baliatzen gara inguruan garatzen dena gure modura azaltzen.

 

 Ustez lore-dendetan bakarrik zeuden

Mendira joaten bazara eta behatzailea bazara, ohartuko zara gure inguruan daudela. Tamainan ez dira lore-dendetan ikusten ditugun baino ikusgarriagoak izaten, baina bai lehiakide onak izan daitezkeela edertasunari dagokionez.

 

 Zer ote dute hainbeste miresle izateko?

Xarma berezia eta, gainera, guregan bezainbeste erakargarritasuna dute insektuengan.  Zaila izaten da ondotik pasatzea eta liluraturik ez gelditzea.

 

Purutasuna zaintzea

Purutasuna botanikariendako da. Bideetara hurbiltzen garenondako indibiduaren purutasunak pozten gaitu, baita beraien aurrekoen bizitzaren estiloa aldatzen ausartzen denarenak ere.

 

Sakana

Ibar hori ez dut asko esploratu, egia esan,  baina bai uste dut nahikoa xarma baduela ibilbideaz aldatzen joateko eta miatuko dudan hurrengo lekua izateko.

 

Zein da nahiago izaten duten lekua?

Iruñerria.  Bertan jaio izan nintzen eta nahiz eta ez eduki landarerik ikusgarrienak, bai baduela aniztasun eta kopuru handia. Paraje horietan paseiatzean denboraren nozioa galtzen da.

 

Beraiek gabe galduko genuke…

Edertasun handia, baina, batez ere jakitea natura nola izan daitekeen gai hain denbora gutxian eboluzionatzeko.

 

Aniztasuna gustuko dute?

Begira, aniztasunean indibiduoen hainbat karaktere ikusten dira, homogeneoetan ez bezala, eta honek onerako zein txarrerako balio du.

 

Zer dago makroan?

Gizakion begiak bere mugak ditu eta makroarekin ikus dezakegu beste modu batera ikusi ezingo genukeena.  Bestela, gure jakin-mina iluntasunean geldituko litzateke.

 

Nora begiratzen dute zure erakusketek?

Mendiko sasien eta zuhaixken artean babesturik dagoen edertasun zati horri erreparatzen diot. Badago hainbatek ez dakiela begiratzen edo ezin duela ikusi. Nire erakusketak pertsona horiei begira jartzen dira.

 

Babesten dugu bakarrik arriskuan dagoena?

Babesten dugu nahi duguna, baina nahi duguna babesteko, aurretik ezagutu behar dugu. Ezagutzarik gabe inoiz ezin izanen dugu estimatu ezer, nahiz eta oso ederra izan eta gertu egon .

 

Zaindu nazazu! Bizi nahi dut!

Laguntza deia ematen du. Nire asmoa landare familia hau gero eta gehiago ezagutaraztea da eta denon artean ahalegina egitea datozen belaunaldiak orkideetaz gozatu daitezen.

 

Argazkia: Limodorum trabutianum berdea-ren hazia