Natura, parte gara ala urruti gaude?
Gure aroan kokatzen badugu geure burua, orokorrean bi ildo ditugu: batetik, biodibertsitatea balioan jartzea kosta egiten zaion urbanita talde bat dago, natura etxekotua nahi duena eta, bestetik, herritarrak, ingurumenarekin konpromiso handiagoa duena, historikoki naturatik bizi izan dena. Baina, aurreko taldean badaude gero eta pertsona gehiago ekosistemak defendatzen dituztenak, ezagutza handia dutenak. Eta bigarrenean, aldiz, ingurumena erabat eraldatzearen alde dauden batzuk ere badaude, beren bizitzaren garapenerako eta kalitatearendako hobekuntzak ikusten dituztelako.
Basoa izaki bitxietaz beteta dago, ipuin bat izanen ote da?
Bai, gure kontrolpetik kanpo bizi diren izakiz beteta dago. Mitologiak eta fantasiak gure barrua menderatzen dute. Basoaren barrenean sartzen garenean, zuhaitz zahar eta behe-lainoz inguraturik, ez dago hori bezalako lekurik. Buruak nahi gabe eramaten zaitu errealitatean inoiz ikusiko ez dituzun pertsonaiekin bidaiatzera, ezinezko estetika duten izaki on-puskak. Hori bai, sentsazio onarekin. Baina irudikatzen duguna ziurtasun eza eta beldurra bada, orduan estutu eginen gara eta hortik ahalik eta azkarren atera nahi izanen dugu. Hori gertatu ohi da basoan ilun dagoenean eta zarata ezezagunak entzuten ditugunean.
Makurtuta… barrez lehertzen egongo ote da?
Beno, ez beti. Batzuetan guk erangidako zauriengatik makurtzen dira edo naturaren legez ere. Eta adinarekin zauriak areagotu egiten dira erreuma eta artrosirekin, gizakioi gertatzen zaigun bezala. Beste batzuetan, ordea, argitasuna bilatzen du bere biziraupenarako. Gaur egun, modu jakin batean ikusten ditugu basoak, baina ezagutu beharko genuke nolakoak izan ziren duela urte mordo bat egungo itxuraren zergatia jakiteko.
Enbor batean babestu dut neure burua eta zuhaitzak taupadak egiten jarraitzen zuen
Taupadak egiten eta duen energia zabaltzen. Naturaren barruan sartzeko aukera izaten dugunean, opari bat itxurazko paper batean bilduta eta barruan zer dagoen zabaltzeko eta gozatzeko grina dugunaren antzeko sentsazioa da. Zuhaitza, mendia eta ibaia bilgarriak izan daitezke, submarinismoa, kobazuloak edo zuhaitzen barrualdea opariak, sorpresak azken finean.
Zuhaitz bat besarkatzeak, ¿zer iradokitzen dizu?
Zuhaitz bat besarkatzen dugun bakoitzean adin eta gorpuzkera nahikoa duen zuhaitza aukeratzen dugu; keinu hori egiteko grina, bestela, ez da gugan sortzen. Besarkadak minutu bat baino gehiago irauten badu, landare hori jaio den garaira bidaiatzen duzu, hau da, bere itzalpean egon izan diren pertsonak, gerrak, lehorteak, gorabeherak, errituak, bere inguruarekiko ohiturak, iraganara bidaia! Eta garai hartaz dugun ezjakintasunak irudimentsu eta nostalgiko egiten gaitu. Minutu bat gehiago ihesbiderako.
Ehunka enbor bideetan…
Zuzenak, tamaina berberakoak, industrian erabiltzeko prestatuak edo egur-loteetan jarrita, horren kalitate ona ez badute, pilatuta kamioian eramateko. Baina, soilgune jasangarriek duten gauza da aukera ematen dietela landare eta animaliei azkarrago aurrera ateratzeko, horrela ez balitz ez lirateke hain azkar haziko. Batzuen ezbeharra besteendako aukera, egia borobila. Nire lagun baten esaldi handia da hori.
Konkor bat, kapritxo bat ala jaiotzaren marka bat?
Badaude konkorrak zauriak izan zirenak eta denborarekin hain ongi orbaindu dira ezin dugula jakin zerk eragin zuen. Jaiotza markak, aldiz, beste gauza bat dira eta normalki, zuhaitzetan azalaren forma izaten da, adarrena, nahiz eta batzuetan bi espezie ezberdinak elkarrekin aurkitu eta identifikatu behar diren hostoak begiratuz. Askotan haritzen eta pagoen artean gertatzen da hau.
Zein da sendagilerik onena zuhaitz batendako?
Bakarrik geldi ez dadin aholkatzen diona, animalien bitartez besteekin harremanetan jartzera bultzatzen duena, eguraldi txarraren aurrean bakarrik uzten ez duena, beharrezkoa duen hezetasuna eta argia aldatzen ez duena, hau da, lehentasunez natura bera eta gero, ingurumen horretan erabakiak hartzen dituzten pertsonak. Maiz, ordena aldatu egiten da eta horrek ekartzen du gero eta ohikoak diren mediku arduragabekeriak.
Koloreak ateratzen dizkigute, bertute hori dute
Zuhaitz bakarrak ikusten ditugunean, baso barnean eta oin gazteago batzuekin, irudikatu dezakegu nola izan zitekeen ekosistema iraganean indarrez eta osasuntsu bizi izan zirenean familia bereko landareekin. Baina, aldaketa hauek ez dira gaurkoak, larreak mendien gailurrean, beharbada aspaldikoak dira. Bitxia da nola eraldatzen ari garen poliki-poliki natura. Basoak bazkalekuak eta urbanizazioak bihurtuz, ibaiak urtegietan eta presetan, mendiak hoteletan, eskiatzeko mendi-bideak eta bideberriak, zuhaitzak oholetan… Gure onurako ekosistemak egiten ari gara. Poliki-poliki gorria kolorea ikusten ari gara, txartela gorria duena.
Kontatu dizkizute beren pasadizoak?
Bai, asko esaten dute itxurarekin, barruko indarrarekin, makurtutako adarrekin, atso batek bezala zimurrekin, makurtuta, gogoan duena gaztetasuna. Garai haietatik ez dugu erreferentziarik eta kosta egiten zaigu irudikatzea nolakoak izan ziren aipatzen digutenean. Baina, batez ere bizitzaren zehar izan duten borroka kontatzen digute, biziraupenerako izandako gatazka. Lekuko isilak ere izan dira momentu historikoetan, Amezkoako haritzek gerra karlisten guduak kontatu ditzakete, Orreagako pagoek Carlomagnoren tropek baskoien aurka izandako batailak, Erronkariko basa pinuek emakumezkoen emigrazioa Maulera, Lizarraga eta Baztaneko haritzek Jabierrera eta Amaiurrera…
Nolakoa da zahartzaroa? Bidai bat
Bizitzaren azken etapa da, baina ez horregatik txarrena. Antza, zuhaitzen kasuan miresmena bihurtuko da lortuko baitute tamainarik handiena eta errespetuzko arrazoia.