Ase?

Erabiltzailearen aurpegia Basoa 2018ko urt. 1a, 16:19

Argazkia: Arakil ibaia

Egun hauetan euria bota du eta gure egarria, antza, asetu dugu. Baina, benetan nahikoa ote da? Garai aldaketekin batera eta bizitzak dakarzkigun egoera berrien aurrean gure ulertzeko modua aldatu egin da eta, klimari buruz arituz gero, nabarmen esanen nuke nik.

 Estatuan lehortea jasan ondoren eta bota zituen lehendabiziko zaparraden ondorioz, Galiziako hiri bateko alkateari entzun nion esaten: “sei hilabetetarako salbu gaude”. “Eta gero, zer?” -galdetzen diot neure buruari.  Oso ausarta eta zuhurtziagabea iruditu zitzaidan esan zuena. Gizartean boterea duena zuhurragoa izan beharko litzateke eta hezitzaile bihurtu.

 Klima aldaketa dela eta euri gutxiago, elur gutxiago ea tenperaturak gorantz eginen duela diote. Egoera honekin “salbu gaude”-la baino gehiago esatera eta egitera behartuta gaudela uste dut eta, zer esanik ez, administrazioan eta gizarteari begira duten karguren bat dutenengandik hasita.

 Hedabideek ere honetan izugarrizko garrantzia dutela ezin dugu alde batera utzi, informazioa zabaltzen leku askotara iristen baitira eta jendearengan duten eragina ere ezin zaielako ukatu.  Eta hauetan, preziski, betiko aholkuak entzuten eta irakurtzen ditugu: “hortzak garbitzen ditugun bitartean, ez utzi iturria zabalik”, “bainatu ordez, dutxatu”…  Aholku hauek entzunez, ordea, okaturik nagoela esanen dizuet, nahiz eta duten garrantzia ere ez kendu.

 Estatuan ur gutxi duten lurraldeetan oihuak entzuten dira ura eskatuz.  Nekazariak kexu daude ura behar dutelako. Bitartean, ordea, golf-zelaiak mantentzeko badago ura, piszina partikularrak mantentzeko badago ura, nonbait, neurri gabeko turismoarendako ere ura badago. 

 Uraren gaia oso gai konplexua dela deritzot eta geure burua hezi egin behar dugula argi dago.