Askotan, bele bat ikusten dugunean heriotza etortzen zaigu gogora. Lotsagabeak eta lapurrak direla ere entzun izan dugu behin baino gehiagotan. Disdira duten gauzek erakartzen omen dituzte — behintzat hori esan zidan bele bat izan zuen lagun batek—.
Behin, bele baten burua oparitu zidaten. Oraindik lumak zituen eta urtetan nire etxean egon zen, bertan misterio kutsua jarriz (neure buruan errealitatean baino gehiago, egia esan). Eta, bai, beleen garrasiak entzutea gustuko dut, beti izan dut, eta urteek hori ez dute aldatu izan.
Heriotzarekin lotu izan ditugu beleak betidanik, baita lapurretekin eta jarrera lotsagabeekin ere. Momentuz, ez ditugu arriskuan jarri, baina askok tirokatu eta pozoitu dituzte, gure abereendako eta espezie zinegetikendako kaltegarriak zirelakoan.
Irlandan, adibidez, hegaztirik ugariena da. Inuit herriarendako belea iruzurgilea da. Apeta handiko hegaztia. Plazerraren atzetik joatea gustuko du bereziki eta ihes egiten du beldur eta zalantetatik. Zilarraren distirak eta maskorrenak erakartzen dizkiote, baita janari ugaria, esamesak eta lo egitea igluetako tximinietako beroan.
Ospe txarrari aurre egin eta bere lana egiten jarraitzen dute modu bikainean, izurriteak kontrolpean edukitzea, alegia.