Bidexkak

Erabiltzailearen aurpegia Basoa 2018ko eka. 4a, 20:02

Altsasu

Baso itxian barna abiatu naiz. Izugarri polita dago dena, berde-berdea eta bizia! Bide nagusia utzi eta xenda estuetan barna jarraitu dut. Urteetan egindako xendak ixten ari dira. Landaretzak erabiltzeko eskubidea hartu du beretzat, oso jende gutxi ibiltzen baita bertan.

Haritz amerikarrak (Quercus rubla) non-nahi daude eta beraien arteko borroka gauzatzen den bitartean, xendak bereganatzen dituzte. Basoaren legea aurrera jarraitzea da, bizirik irautea. Txoriak entzuten ditut. Belarria jorratzeko ariketa ezin hobea, entzun txoriak ikusi gabe, entzun eta entzun txioak bereiztu arte.

Aditu batekin bazaude, txioa konpartitu dezakezu; bakarrik bazaude, nire kasuan bezala, saiatu ikusten ez dena bereizten eta gero jo ordenagailura entzundakoa baieztatzera. Ingurumen-hezkuntzako zentroetan opatu dezakegu ariketa hori. Bertizen ikusi nuen lehendabiziko aldiz eta ikaragarri interesgarria iruditu zitzaidan, zaletasuna pizteko ariketa bikaina.

Batzuetan begiak itxi eta itsuen munduan murgiltzen saiatzen naiz. Ariketa erraza da ikusten duenarendako, bai, begiak zabaldu besterik ez ditut egin behar, momentu batez utzitako mundura bueltatzeko.

Xendaz xenda basoa zeharkatzen dut, baina halako batean eta konturatu baino lehen, bidea itxi zait erabat. Edozein lekutara begiratuta ere, landaretza gainean dut. Itogarria suertatzen zait. Baina, tira, naturan ibiltzeko baliabideak oraindik izan baditut, bierrik! Beste xenda bat hartu dut, bide nagusira eramanen nauena.