Hala ematen duen arren, gure satitsu arrunta hilik dago, seko. Horrela opatu nuen etxetik ateratzean eta ez dakit zer gertatuko ote zitzaion bertan gelditzeko. Etsaiak izan baditu, baina horietako baten bat bere heriotzaren erruduna izanez gero, ez zukeen hor utziko, ala bai?
Dena den, gertakariak aukera eman dit hobeto ezagutzeko. Ez da ikusten dudan lehendabiziko aldia, baina oraingo honetan berari buruz zerbait gehiago jakiteko gogoa piztu zait.
Antza, maiz jan behar du eta bere dietan ez dira inoiz ornogabeak, fruta lehorrak, haziak eta larbak falta. Hortzak ongi baditu erraz asko janen du aurrean opatzen duena; aldiz, hortzak higatuta baditu, arriskuan egon daiteke bere bizitza ezin izanen baitu jan. Jaio baino lehen esne-hortzak galtzen ditu eta bizitza osoan hortz berberak izanen ditu. Eta gainera ezin da egon denbora asko jan gabe! Gosez hilko ote zen, akaso, gure satitsu arrunta?
Nolanahi ere, aurreko egunak ezusteko polita ekarri zidan: konpostean beste satitsu bat ikusi nuen, oraingoan bizirik, oso bizirik!!