Odola edaten du, baina ez da banpiroa

Erabiltzailearen aurpegia Basoa 2018ko uzt. 2a, 19:46

Kaparra

 

Belaunaldiz belaunaldi 120 milioi urte bete arte. Edozeinek ezin du horrelakorik esan, e!

Urte hauetan zehar, aldiz, berak ere aukera izan du aldaketaren bat egiteko bere baitan: elikaduraz ari naiz. Hasieran beste zomorroen hilotzak jaten zituen, baina orain odolaz elikatzen da eta, sinistu iezadazue, asko behar du heldutasunera iristeko.

Arrautzak lurrean egoten dira, belarretan, eta horietatik larbak aterako dira. Aurreko hankak gora jarri eta animaliaren baten zain egotea besterik ez zaio falta. Jaio berria denez, animaliak txikia behar du izan ere eta bere ondotik pasatzerakoan… zast! bere gainera igoko da. Azalean bere burua sartzeko zulo bat egin behar izanen dionez, substantzia bat sartuko dio anestesia moduan. Eta lurrera erori ez dadin, beste substantzia bat sortuko du ongi itsasteko animaliaren gorputzari.

Edan eta edan loditxoa jarri arte. Etapa bat burutu du gure kaparra txikiak, baina oraindik bidea gelditzen zaio helmugara iristeko. Beraz, lurrera bueltatu beharko du berriro. Listuaren bidez, beste substantzia bat botako dio azaletik askatzeko.

Baldintzak onak badira, ninfa bihurtuko da eta prozesu berbera egin beharko du.

Lurrean bueltan da gure ninfa. Dena ongi badoa, heldua izanen da dagoeneko eta, orain bai, ugalketari eusteko prest dago. Animaliaren gainean dagoenean eta elikatzen den bitartean, arra baten zain geldituko da.

Bapo janda, belarretara joanen da berriro eta hor ehunka arrautza askatuko ditu ziklo berri bati hasiera emanez. Prozesu honek guztiak bizpahiru urte behar ditu.

Erne ibili, gero!! Gure hankak ere gustuko ditu eta!!