Iritsi da eztabaida dendetara. Zergatik ordaindu behar orain arte ez badugu ordaindu? Zergatik ez eman doan orain arte eman den bezala? Ahanztura bat izateagatik ordaindu behar ere?
Galderak ez dira nolanahi bukatuko, baina kontua, ordea, bestelakoa da. Batzuk ados daude hartutako erabakiarekin, beste batzuek ez dute ulertu nahi eta Diogenes sindromearen antzera armairuak betetzen jarraitzen dugu.
Ala oraindik pentsatzen dugu dirurik ez badugu gure poltsikoetatik ateratzen produktu edo zerbitzu horrek ez duela baliorik? Eta, alderantziz gertatzen bada, aldiz, bai? Benetan horretan gaude?
Ekainean Nafarroako Parlamentuak hondakinen inguruan lege berri bat onartu zuen, estatuan aurreratuena dena. Lege horrek itzultze sistema bultzatzen du, erabilpen bakarreko plastikoak eta ontziak saihestuz.
2028an jatetxe eta tabernetan saltzen den %80ko garagardo, %70ko freskagarri eta %40ko botilarazten den ura berriro erabiltzeko ontzietan saldu beharko da. Eta ez bakarrik ontzi horiek, baizik eta plastikozko mahai-tresnak, dosi bakarreko ontziak, plastikozko poltsak… ezin izanen dira saldu Nafarroan. Dendetan, aldiz, portzentajea dexente jaisten da, %15a berriro erabiltzeko ontzietan saldu beharko da.
Aukera ezin hobea gure kapazua edo plastikozko ez den beste poltsa batekin dendara joateko. Ikusiko dugu lege honekin nola jaisten den gure zaborra. Eta munduan barne bizi direnen bizi-kalitatea ere hobetzen laguntzeko. Nola ikusten duzue?