Hitz eta pitz Arga bizirik - Arga vivo taldearekin

Erabiltzailearen aurpegia Basoa 2018ko abu. 27a, 20:34

Arga bizirik - Arga vivo

Zer helburua dute ibaiko presek?

Presak ibaiaren ura biltzeko egiturak dira eta gizakiak eraikitzen ditu zenbait asmo betetzeko: asko iraunkorrak izaten dira eta ura biltzeko eraikitzen dira, bai  gure kontsumorako, ureztatzeko… edo energia-ekoizpenerako zentralen bidez.  Beste batzuk, aldiz, denbora baterako dira eta bainatzeko edo… sortzen dira.

 

Naturalak dira ala eraikita?

Gure lurraldean ezagutzen ditugun gehienak artifizialak dira, hau da, gizakiak eraiki ditu. Berez sor daitezke ere presa naturalak, adibidez, ur-goraldietan urak materiala arrastratu egiten du eta toki batzuetan gelditzen da ezin mugituz edo trabak aurkitzen dituelako  (zubiak, enborrak erorita, kurbak ibaian…), horrela sortzen dira ere presak, baina ez da ohikoa.  Animalia batzuek (kastoreek kasu) eta beste latitude batzuetan presa antzekoak eraikitzen dituzte ura biltzeko, baina gure lurraldean ez dute hori egiten.

 

Zer aldaketak jasaten ditu ibaiak presa batekin?

Oso galdera zaila da hain toki gutxian erantzuteko! Esan dezagun aldaketarik nagusiena oso bortitza dela: ibaiaren izaera aldatzen da, mugimenduan dagoen ura gelditu egiten da, iragateari uzten dio eta, aldi berean, beste aldaketa batzuk sortzen dira.  Ibaia ez da bakarrik uraren garraioa, ibaia bizirik dago eta aldatzen dugunean, aldaketa gehiago ekartzen ditu horrek.

Garrantzitsuak diren aldaketak ibaiko morfologian izaten dira: luzera, ibilbidea, geometria, ur-emaria… normalki kurbak desagertzen dira, erreten baten itxura hartzen du… ibaiaren abiadura aldatzean eta frenatzean higadura, garraioa eta sedimentazioa aldatzen joaten dira ere.  Abiadura gutxitzean sedimentuak ez dira sortzen ezta metaketa eragin ere. Desagertzen dira ur-lasterrak eta urloak…

Urak abiadurarik ez izatean, ez du berdin higatzen ez ibaiaren fondoan, ez bazterretan. Fondoan material finak izaten dira, harea bezalakoa, baina abiaduraren faltan dagoenez, ezin du materialik garraiatu eta bertan materia organikoa bildu egiten da.  Uraren itxura ez da batere gardena izaten, “zikina” da eta ezin da fondoa ikusi.

Ura gelditu egiten da eta abiadurarik gabe habitateko eta espezietako hain garrantzitsuak diren ur-lasterrik eta urlorik gabe gelditzen da ibaia. Ohikoa izaten da ur-lasterretan makroornogabeak bizitzea eta urloak babes lekuak izaten dira.  Hori aldatzen bada, bertan bizi diren flora eta animaliak ere aldatu egiten dira.  Eta ez hori bakarrik, ur-geldoek onura ekartzen diete ur horiek behar dutenei eta, zoritxarrez eta kasu askotan, talde horretan espezie arrotzak eta inbaditzaileak daude.  Azkenean, bota egiten dituzte espezie autoktonoak.

 

Zer izan behar dugu kontuan  presa batekin

Guk kontuan izan nahi ditugun puntuak ingurumenarekiko dira: dinamika, morfologia, ur-prozesuak, eta nola ez, ibaiko animaliak eta landareak.

Hortaz aparte, segurtasuna ere kontuan har daiteke: ibilbideak, uholdeak edo aprobetxatzekoak direnak aisialdia eta kirola, bainua edo arrantza, esate baterako.  Faktore asko daude kontuan izateko.

Hori bai, garrantzia kendu behar diogu paisaia-bisualari.  Gure kasuan, jende askori atentzioa ematen dio Arga ibaia urik gabe dagoela ikusteak, harrizko hondartza zabalekin Errotxapeako ur-bazterretan. Baina ez genioke horri garrantzirik eman behar, irakatsi behar duguna da prozesu naturala dela, udan bereziki.

Toki askotan udan ibaiek ur gutxiago daramate (baita lehortu ere) eta ez da ezer gertatzen. Ibaiaren urteko aldaketen parte da, agorraldia da.  Gero euriarekin ur-emaria handituko da eta urtero errepikatzen den ziklo berri bati hasiera emanen zaio.  Sakanako erreka askok bezala udan ia ez dute urik.  Ibaiaren dinamika da, naturala berez.

 

Arga ibaiko Santa Engracia presaren haustura, nola gertatu da?

Ez dakigu oso ongi, baina uste dugu ibaiak poliki-poliki higatu duela presa, hondatu duela eta erdian zulo bat egin duela. Seguraski hemendik aurrera gero eta handiagoa izanen dela.

Ibaiak bere lana egin du.  Hor oztopo bat zuen eta paretik kentzea erabaki du.

 

Arga bizirik – Arga vio, zergatik sortu duzue talde hori?

Natura gustuko dugun pertsona talde bat gara eta presa konpontzeko asmoa dagoen ziurgabetasunaren aurrean, kezkatuta gaude.  Oso aukera ona da Iruñean Arga ibaiaren zati txiki hori berreskuratzeko eta berriro naturalizatu ahal izateko, hirian eta Iruñerrian Arga presaz josita baitago.

Aranzadiko zati hori, San Pedro presa dagoen inguru hori, seguraski aberatsena dela landaretzari dagokionez.  Zergatik ez luzatu zati hori eta uzten diogu landaretzari hobetu dadila eta San Jorgeraino errekuperatu?

 

Zer da eskatzen duzuena Santa Engracia presarendako?

Ez dugu ezer eskatzen.  Bakarrik ez dezatela konpondu ibaiak bere lekutik joateko eta naturak jarrai dezala ere bere bidetik.  Ibaia bere lekutik joatea nahi dugu, behar duen bezala eta presaren haustura oso aukera paregabea da horretarako; ezin dugu galdu dugun aukera.

 

Bota egin behar dira presa guztiak?

Gizartea eta ibaia bera ez daude prestatuta horrelako aldaketa bati eusteko, baina poliki-poliki bai kentzen ari direla erabilgarritasuna ez duten presak.  Eta hori ez da hemen gertatzen ari den toki bakarra, hori Europan eta mundu mailan egiten ari da.

Hemen, batez ere Nafarroako iparraldean, horrelako ekintzak burutzen ari dira (Europako finantzaketarekin) ikerketa batzuetan oinarrituta.  Bertan ezagutu da ibaiek bioaniztasuna irabazten dutela presarik ez dagoenean.  Artikutzan, adibidez, urtegi bat husten hasi dira, Espainiako izaten ari den hustuketarik handiena. Emaitzak biologoak aztertzen ari dira.

 

Zuen logoan Santa Engracia presaren inguruan bizi diren espezie batzuk sartu dituzue, baina faltan sumatzen ditut insektuak, moluskuak eta krustazeoak, zer eragina du presak horiengan?

Kar-kar, logo batean ezin da dena sartu!! Falta dira ere landare mota batzuk, algak, etab.  Espezie bakoitzak bere tokia du, bere habitateko beharrak:  badaude espezie batzuk ur-lasterrak behar dituztenak, beste batzuek ur-geldoak eta beste batzuek biak.  Argi dago ibaia gero eta naturalizatuagoa egon aniztasun gehiago dagoela habitatetan. Ur-lasterren tokiek aukera gehiago ematen dute espezie mota gehiago izateko ur-pilatuetan baino material ugari baitago ur-lasterretan, eta aukera gehiago ere zuk aipatzen dizkiguzun animalia espezie horiek ere izateko.

 

Besterik?

Uste dugu ezagutza gutxi dagoela ibaiek eskaintzen diguten aberastasunari buruz eta errespeto handiago lortzen dela ibaiaz gero eta gehiago jakinda.  Gauza bera gertatzen da ingurumenarekin, kalitatezko ingurumen-hezkuntza behar da.

Ezin dugu ulertzen Santa Engracia presaz hitz egiten denean talde bat besterik kontuan hartzea, arraunlariena.  Argudioak aisialdian eta paisaian oinarriturik daude batere kontuan izan gabe gainontzekoa eta, ingurumena, bazter batean utziz.

Gure taldera etortzea jendea animatzen dugu.  Bertan pertsona ezberdin asko daude, batzuek profila teknikoagoa dute, baina baita publikoa.  Hasi besterik ez gara egin eta baditugu zenbait ekintza buruan, denetara irekita gaude.  Gurekin harremanetan jartzeko argavivoargabizirik@gmail.com eta informazio gehiago opatuko duzuen gure bloga, hauxe: http://argavivoargabizirik.blogspot.com/