Gortinak

Erabiltzailearen aurpegia Basoa 2018ko aza. 26a, 21:24

Parus major

Thoreauk zioen ez zuela gortinetan ezer gastatu, aldameneko bakarrak ilargia eta eguzkia zituelako, eta berari gustatzen zitzaion bi horiek bere etxe barruan begiratzea.

Gure kasua ez da hori eta, gainera, gortinak dira gure babesa txoriak leihoraino hurbiltzea nahi badugu.  Egunero etortzen da kaskabeltza oraindik zimurtuta ez dauden loreetan zomorroak jatera.  Eta ni, egunero, gortinen beste aldetik begira gelditzen natzaio, berarengandik ezkutatuta.   Belarriprest egoten naiz bere kantuen soinu ederra ulertzeko.

Gaur intxaurrak txikituta jarri dizkiot jardineran.  Etorri bezain pronto zatitxo bat hartu du eta mizpirondora eraman du.  Gero bi kaskabeltz elkartu dira bertan. Hori ikusita, honako galdera hauek egiten dizkiot neure buruari: Nola jakinarazi diote elkarri oraindik jana bazela loreetan?  Edota, guk bezala, txoriek ere memoria ote dute? Akaso behatzaile onak dira eta horrela ikasi dute nondik ekartzen ari zen janaria bere laguna?

A! Badakit! Kaskabeltza ere ahoprest bihurtu zaigu.