Ibaiari begira nengoela, txirrindulaz zetorren gaztetxo kuadrilla bat agertu zen zubian kastorendako tranpak jarri omen zituztela esanez. Bat ibaira jaitsi zen begiratzera. Ni, hantxe nengoela, entzundakoarekin gelditu nintzen, baina ez nintzen ibaira jaitsi.
Handik bizpahiru egunetara tranpa bat ikusi nuen toki berberan. Hurbildu eta Nafar Gobernuarena zela ikusi nuen, txapa bat jarrita zeukan eta zenbaki batzuk ere. Gazteek esandakoaren arabera, kastorendako ote? Arraroa iruditu zitzaidan tranpa zabalik baitzegoen bi aldetatik. Nola harrapatu lezake tranpak ezer?
Informazioa eskuratu nuen eta bisoi amerikarrak harrapatzeko zela jakin nuen. Nafarroako zenbait ibaietan jarri omen dituzte ikusteko bisoi amerikarren arrastoak. Horrela izatekotan tranpa horiek egokituko lituzkete, orduan bai, bertan harrapatzeko.
Oso interesgarria iruditu zitzaidan neurria, jakinen duzuen bezala, bisoi amerikarrak konpetentzia latza direlako bisoi europarrendako. Jakizue ere Nafarroa dela bisoi europar gehien duen Europako lurraldea. Eta ikaragarri gustatu zitzaidan ere gure inguruan neurriak hartzen ari direla ikustea, zerbait mugitzen ari dela ingurumenaren alde.
Arbizun eta Lakuntzan ikusi izan ditut eta zuek ere ikusitakoan jakinen duzue zertarako diren eta espero dezagun denon artean dagoena errespetatzea eta bisoi amerikarren bat ikusten baduzue, ahalik eta lasterren abisua eman basozainei.