Iruñean, txikia nintzelarik, jendea usoz inguratuta ikusten nuen eta harrigarria egiten zitzaidan kuadro hori. Ez usoak ikusten nituelako, etxean bagenituen ere, baizik eta jendea eta usoen artean sortzen zen harremanagatik. Konpainia, jana eta denbora elkarri trukatzen. Nik inoiz ez nuen parte hartu izan, baina distantziatik trukea pixka bat iristen zitzaidan eta neu ere pozten nintzen.
Aspaldidanik, ordea, okatuta nago usoekin. Beti parien!! Behin bat harrapatu nuen Altsasuko kaleetan. Ez pentsa! Gustuko ez izateak ez du esan nahi uso hiltzailea naizela. Hartu eta errefusara bota nuen.
Baina, urteek egoera ezberdinetan jartzen dute zeure burua eta oraingo honetan, berriro, nire haurtzaroaren freskotasunera eraman naute. Arrazoi desberdinengatik, hori bai, baina bueltan nago.
Antza, usoak uste dugun baino azkarragoak dira eta mila buelta ematen dizkigute, esate baterako, orientazioan. Zeren eta mezularia izateko, adibidez, munduko mapa ongi asko ezagutu behar da. Erromatarrek koliseoan izandako irabazteak jakinarazteko uso mezulariak erabiltzen zituzten; feniziarrek eta egiptoarrek itsasontzien etorrera komunikatzen zuten; arrantzaleek harrapaketak eta kontrabandistek itsasontzien arteko berriak ere jakinarazten zituzten. Gaur egun oraindik jarraitzen da usoak erabiltzen.
Mezulari bikainak, baita matematikariak ere. Ez dut beste erremediorik izan, nire betaurrekoei kristalak aldatu dizkiet eta orain... askoz garbiago ikusten dut dena.