Bata bestearen artean kilometro asko daude. Beste kultura batek ezberdintzen ditu zenbait gauzen artean, seguraski. Egoera berdintsuek, aldiz, lotzen dituzte beraien arteko berririk, beharbada, izanen ez duten arren.
Biak herri txikiak dira eta adineko jende ugari dute. Herriak hustu egiten dira gazteek beste etorkizun bat amesten dutelako jaioterritik kanpo, eta poliki-poliki alde egiten ari dira. Baina bi herri horietan jendea ez da eseri bizitza nola pasatzen den ikustera eta BIZIRIK ikusi nahi duelako herria mugitzen hasi da.
Pescuezaren berri medikuarenean nengoela ezagutu nuen ezezagun egiten zitzaidan aldizkari batean irakurrita. Adineko jendea zaintzea erabaki zuten eta horretarako zenbait zerbitzu abian jarri zituzten: egunez erabiliko zuten egoitza, jarduerak, laguntza etxeetan, erosketak, kaleetan oinez ibiltzeko lagungarria izanen zituzten barrak…
Horrek guztiak jendea herrira erakarri zuen, baita lanpostu berriak sortu ere. Dagoeneko haurren garrasiak eta algarak entzuten dira. Gainera, adineko jendea eta haurren arteko harremana estuago izan dadin, elkarrekin egiteko ekintzak bultzatu dituzte.
Zerainen kasua duela gutxi ezagutu nuen. Gero eta adineko jende gehiago dago eta bakarrik bizitzen gelditu dena ere. “Herri zaintzailea” bihurtzeko sare bat sortu zen. Herritar batzuek, profesionalen eskutik, parte hartu zuten. Eta herriko mapa bat egin ondoren, zenbat adineko jendea zegoen, zenbat bizi ziren bakarrik, eta abar, horiek behatu zituzten diskrezioz eta begirunez. Kontua ez da inor bigilatzea, baizik eta konturatzea ea ogia erosten duten, betiko lekuetan ikusten ote zaien… Eta zerbait susmagarria ikusten badute gizarte laguntzaileen esku uzten dute.
Froga pilotoa izan zen eta jendea pozik gelditu omen zen egin zutenarekin. Jarraitu edo ez Zeraingoek erakutsi zuten beste gauza batzuk egin daitezkeela herriak eta herriko jendea hobeki bizi ahal izateko elkarren laguntza izanda.