Ez dut nire bizitza irudikatzen irakurtzen jakin gabe. Libururik gabe, mezurik gabe, kartelak, pankartak, zinemaren sinopsia, egunkariak. Zentzumenik gabeko bizitza. Benetan tristea!!
Argazkian dagoen egoerarekin duela gutxi topo egin nuen -ez da asko ikusten, baina pasa zaitezke hortik eta ikusiko duzue-. Kartela izan bada. Mezua egon badago ere. Obra-hondakinak botatzearen debekua argi dago. Elebiz. Inor kexa ez dadin. Euskaldunok gure hizkuntzaz nahi dugulako. Erdaldunek bereaz. Baina, ez dago oso argi irakurtzen ez dakiendako edo ulertzen ez duenarendako. Ez naiz harritzen. Inguruak ez du jakinarazten mezuaren esanahia. Plastikozko poltsak, obra-hondakinak, paleak, olioa lurrean, butano-bonbonak... dena zikinkeriez beteta. Egunero zaborra, etengabe botatzen. Ez dago neurririk.
Irakurtzen ez dakienari ez gatzaizkio mesederik egiten, ezta ulertzen ez duenari ere. Eta irakurtzen badakigunoi? Ulertezina.
Altsasuko Udalak zaindu beharko luke tokia, baita Mankomunitateak ere bera baita zaborra kudeatzen duena eta, oker ez banago eta horrela ez bada esadazue, edukiontzi bat duelako bertan denetarik botatzeko edo horrela ematen du behintzat.
Datuen arabera atez ate ezarri zenetik askoz gehiago berziklatzen eta bereizten omen da. Altsasuko kasuan oraindik kilometro batzuk falta omen zaizkigu gehiago hobetzeko.
Benetan pozik egon gaitezke atez ate metodoak ematen ari den emaitzekin aldez aurretik jakinda Altsasuk beste herrietako zaborra ere jasotzen duela? Eta hori ikusten duguna, ez dakiguna... auskalo!!
Edukiontziak izan edo atez ate izan argi eta garbi dago ingurumen hezkuntza DENOK behar dugula, baita INSTITUZIOEK ere. Horiek dituzte baliabideak kanpaina luzeak egiteko, bukaezinak eta sormena horretan jarrita, jakin badakigu eta mezu berbera ikusten ohitzen bagara ez dugula gero entzuten.