Ezpondak

Erabiltzailearen aurpegia Basoa 2019ko uzt. 22a, 20:29

bideberri ondoan

Loredunak egoten dira, koloretsuak, ederrak denak.  Eta gezurra dirudi, baina ondoan zaborra besterik ez dugu ikusten.  Kilometroak eta kilometroak, han-hemenka zigarro-puntak, plastikoak, olioa eta erregaia beste gauzen artean.

2019an argitaratutako txosten batean jasotzen den moduan Europa mailan milaka tona biltzen omen dira urtero ezpondetan. Gehienak gidariek eta oinezkoek botata.  Jokaera hori, ordea, ez da doan izaten eta ekonomikoki garestia ateratzen zaigu, denoi bai, mila milioi euro inguru bertan uzten baititugu. Imajinatzen duzue mila milioi euro izan poltsan eta ezpondan botatzea? Norbaitek ikusiko bagintu jota geundela esanen luke.  Ba horixe bera egiten ari gara, zaborra botatzen dugun bakoitzean euro batzuk botatzen ditugu.

Baina ez da ekonomia gehien galtzen ari dena horretan, baizik eta ingurumena bera.  Plastikoak desagertzeraino 400 urte pasako dira, erregaiak eta olioak uretan bukatzen dute,  botatako hondakinekin animaliak harrapatuta edo eztarrian kokatuta bertan hiltzen dira.  Eta guk geuk ere ondorioak izaten ditugu, batez ere txirrindulariak eta motor-gidariak.

Eta zergatik botatzen ditugu hainbeste gauza ezpondetan gure etxean ez baitugu jarrera hori izaten?  Dirudienez, badu zerikusirik tokia gurea dela edo ez sentitzen dugunean, etxea gurea da, baina ez kalea adibide bat jartzearren; gero eta zikinago ikusi lekua orduan eta zabor gehiago botatzen dugu; azkenik, zabor-edukiontziak faltan daudenean.  Horiek omen dira arrazoi nagusienak zaborra botatzeko orduan.

Adi, gero! Zaborra botatzeak bere isuna ere badu: 4 puntu kentzen dituzte eta isuna 200 eta 3.800 euro artean dago.  Garrantzitsuena, ordea, kontzientzia izatea da.