Arreta handiz irakurri dut Urdiainen egindako baso-lanez Guaixen eman duzuen azalpena, eta nire ekarpena egin nahi dut. Basoa, natura orokorrean, oso sistema ahula da, zer esanik ez bertan dauden habitatak. Hori kontuan hartuta, zalantzan jartzen dut “garbiketa” hori egin ondoren, ezer leheneratuko daitekeenik. Izan ere, horretarako kalteak zein diren argi eta garbi eduki beharko zenukete bai zuek eta bai baso kudeaketa egin duen enpresak.
Ez dut inola ere zuzena ikusten basoa laharretara, zaparretara, ezkurretara eta zuhaitzetara mugatzea, askoz ere konplexuagoa baita. Elementu askok osatzen dute basoa, ez bakarrik zuhaitzek. Horregatik, ezin da sistema hori elementu gutxi batzuetara mugatu, bertan askoz ere gauza gehiago dagoelako, hala nola landare mota asko, animaliak, onddoak, mikroorganismoak… eta denak hartu behar dira kontuan, denok kate baten zati garelako, gizakiok barne.
Lau adibide jarriko dizkizuet:
Duela urte asko Arbizutik Lizarragabengoarantz doan basoko bide batean tximeleta mota bat zegoen. Bide hori, ordea, asfaltatu egin zuten eta tximeleta mota hori ez da gehiagotan ikusi inguruan. Akabo! Nonbait galdu zen edo beste leku batera alde egin zuen.
Bestalde, basoko bidean enbor bat zegoen eta bertan musker bat bizi zen. Enborra kendu zuten eta muskerra ez zen gehiago ageri izan.
Udal batzuek, nire ustez okertuta, zuhaitzak hostoz beteta daudela kimatzen dituzte. Joan zen urtean, txoriak lotara joaten zirenean zer gertatuko zain egon nintzen. Ez zuten ez adarrik, ez hostorik aurkitu zuhaitzetan, bat-batean babesik gabe gelditu ziren eta noraezean ibili ziren, batetik bestera, galduta. Txori horietako batzuk gure leihora hurbiltzen ziren egunero jana bila. Zuhaitzak kimatu ondoren, hilabete eta erdian ez ziren azaldu. Txoriak galtzen ari dira, izugarrizko beherakada izaten ari dira.
Eta, azkenik, Urdiaingo San Pedron lurra agerian utzi zenuten, belarra eta belarra ez zena moztu zenuten. Kontua da justu moztu zenuten zentimetro batera orkidea batzuk zeudela. Beraz, agian, orkideak ere moztu zenituzten, ezin dut esan segurtasun osoz, baina, dakizuenez, orkideak babestuta daude.
Lau adibide horietan garbi ikusten da gure ingurumenean gertatutako hainbat aldaketa, guzti-guztiak kaltegarriak izan direnak. Fidantzak ez ditu inolaz ere eragindako kalteak konponduko. Hondamena ez da bakarrik makinek uzten duten arrastoa, eta irakurketa funts gutxiko horrek min handia egiten du. Eskertu nahi diot argazkilariari bere ekarpena eta Guaixeri argitaratu izana, ingurumenarekiko berriak plazaratzea eta eztabaida sortzea oso garrantzitsua iruditzen zait denen ekarpenak informazio gehiago eta kontzientzia handiago sortuko dituelako.
Pentsakor gelditzen naiz erlojuaren minutu-orratzari entzuten diodan bitartean… gauzak gaizki egiten badakigu, baina okerrena da gauza onik gutxi egiten dugula.