Kokoteraino nago dagoeneko birus honetaz. Denbora luze daramagu burbuila antzeko batean bizitzen. Arraroa suertatzen da horrela bizitzea eta, makurrena da, ez dela pelikula bat. Egunez egun, informazio ugari izan dugu hedabideetan eta whatsApp bidez jaso ditudan monologo batzuk, nire ustez, nahiko apokaliptikoak izan dira. Erlijioaren antza bazuten bai, beldurra sartzeko asmoz edo, beharbada, norberaren mamuak askatzeko eginak. Askok ez dugu formaziorik aurka egiteko entzuten edo irakurtzen dugun informazioari eta, azkenean, sinesmena bihurtzen da. Pentsamendu bakoitzeko informazio egokia bila dezakegu, nahiera.
Eta horretan nengoela, oso elkarrizketa interesgarria irakurri nuen. Elkarrizketatua Fernando Valladares dugu. Irakurri eta entzun ditudan elkarrizketarik zentzudunetako bat izan da. Klima aldaketa, espezien desagerpena, habitaten galera… Lurra ongi ongarrituta uzten ari gara birusak sortzeko. Izan ere, eskualde polarretan permafrosta urtzen ari da klima aldaketaren ondorioz, birusak eta bakteriak askatuz. Zer ondorio izan dezake honek guztiak? Oraingoz inork ez daki.
Animaliak zein landareak galdutako lekua harrapatzen hasi ziren. Nonahi ikusten genituen. Berriak pozez zoratzeko izan dira orain arte, ia erdira jaitsi baitzen kutsadura eta hainbat kasuetan gehiago ere. Ingurumenaren zaintzan eta kontzientzian pausu eraginkorrak emanen ote ditugun noizbait, galdetu izan diot neure buruari. Lehuntzen goazen heinean berri horiek tabakoaren kea antzera lausotzen ari dira, gure memoriak atzera begiratzen duen bitartean mugarik gabeko mundu batean amestuz.
Ezkorra naiz, gizakiok ez dugu erremediorik.
https://www.berria.eus/paperekoa/1879/014/001/2020-5-09/espezie-aberastasun-handiko-ekosistemak-dira-gure-txertorik-onena-html