Bi ibilbideak goizeko 9etan hastekoak ziren, baina hasiera minutu batzuk atzeratu behar izan zuten, zenbait autobus atzerapenarekin zetozelako. Behin Altsasuko alkatesak hasiera emanda, mendizaleek ibiltzeari ekin zioten. Batzuk bizi-bizi ibili ziren ibilbidean barna; beste batzuek, ordea, nahiago izan zuten erritmo lasaiagoan joan eta basoaren edertasunaz gozatu. Ibilbide luzea egin zutenek San Pedrotik Araniara, hortik Aitzartera eta bertatik Intsusburura joateko aukera izan zuten. Ibilbide motza egin zutenak, beren aldetik, behin Araniara iritsita zuzenean Urdiaingo igerilekuetara jaitsi ziren, bertatik Sarabe bailara zeharkatzeko (bertan ibilibide luzekoekin gurutzatu ziren).
Behin bi ibilbideak bukatuta, hamaiketakoa eskaini zitzaien parte hartzaileei. Ondoren, bazkalorduan, parte hartzaileak zein festara batzeko gogoa zutenak Zelandin bildu ziren, autogestionatutako bazkariaz gozatzeko. Antolakuntzak jarritako musikaz lagunduta giro ederra izan zen Zelandiko pilotalekuan.
Bazkariaren ostean, omenaldia
Bazkaria amaitu zenean, omenaldi ekitaldiari ekin zitzaion. Aurtengo omenduak Antonio Salgado mendi korrikalaria eta Altsasuko Mendizaleak taldeko sortzailetakoak diren Pello Iglesias, Luis Mari Lopez eta Andres Bengoetxea izan ziren. Bengoetxea omendua izateagatik harrituta agertu zen: “Sorpresa handia izan da niretzat, ez nuen halakorik espero. Omendua izateak asko suposatzen du niretzat, azken finean urte hauetan guztietan egin dudan lan guztiaren errekonozimendua baita”.
Iglesiasek, bere aldetik, egunaren balorazio baikor bat egin nahi izan zuen, esanez horrelako egunei esker urtean zehar mendian ikusten diren mendizaleak elkartu egiten direla. Hau ere omenaldiagatik txundituta agertu zen: “Ez nuen halakorik espero. Azken finean, mendizale bat besterik ez naiz, gainontzekoek bezala mendiaz gozatzen duena. Ez dut halakorik merezi, baina oso eskertuta nago”.
Hortaz landa, Bengoetxeak zein Iglesiasek bat egin zuten esatean Altsasun mendizaletasunak egoera oso on bat bizi duela, baina era berean praktika oso indibidualizatu bat bilakatu dela. Bengoetxearen arabera, lehen mendizale gehienak taldeka joan ohi ziren mendira, baina orain espiritu hori galdu egin da: “Gaur egun taldeen biziraupenaz soilik beteranoak arduratzen gara. Egungo gazteek nahiago dute bere kasa joan. Hala ere, guk lanean jarraituko dugu, mendizale taldeek bizirik jarrai dezaten”.