Ekitaldiari hasiera Garazi Urrestarazu alkatesak eta Hasier Gonzalez EH Bilduko zinegotziak eman zioten, hitzalditxo bat emanez. Bertan gogorarazi nahi izan zuten frankismoak Altsasun kalte izugarriak sortu zituela, errepresaliatu eta hildako zerrenda luze bat utzi zuelako. Gainera, errepresioa jasan behar izan zuten emakumeak ere gogora ekarri zituzten, esanez emakume asko umiliatuak eta kartzelaratuak izan zirela erregimenari kontra egiteagatik.
Altsasuarrek mota askotako bidegabekeriak bizi izan zituztela adierazi zuten: “Batzuei agian kontzentrazio eremu hitza entzutea arraroa egingo zaizue, baina altsasuar askok, kartzelaratuak izateaz aparte, gehiagoriko kondena asko bete behar izan zituzten, hala nola, deportazioak, dispertsioak edo zigor batailoietan lan egin beharra. Hortaz landa, errefuxiatuei ere aipamena egin zieten, adieraziz Frantziara joandakoek ondoren beste errepresio aldi bat jasan behar izan zutela okupazio naziagatik.
Behin hitzaldia despedituta, Gure Etxea eraikinean plaka bat jarri zuten, faxismoaren ondorioz erailak eta errepresaliatuak izan ziren guztien omenez.
Udalean adostasuna nagusi
Ekitaldiaren ondoren Garazi Urrestarazuk adierazi zuenez, ekitaldi honen inguruan alderdien arteko adostasuna lortzea erraza izan zen: “Alderdi gehienak segituan jarri gara ados. Azken finean, Gerra Zibilean alde guztietako biktimak egon ziren, beraz, udaleko gehiengoak oniritzia eman dio ekimen honi”.
Geroa Baiko zinegotzia den Unai Hualdek, bere aldetik, errekonozimenduaren bidean oraindik pauso asko emateko dagoela adierazi zuen: “Orain dela gutxi arte garai hartako biktimen errekonozimendurik ez da egin. Duela urte batzuk lan batailoietan ibili zirenak omendu genituen. Gaur beste aurrerapauso bat eman dugu, baina oraindik lan asko dago egiteko, batez ere garai hartako gauza asko ez direlako ezagutzen”.