Kirol gizona dugu Josema Urrestarazu: korrikalaria, eskiatzailea, txirrindularia... Baina, batez ere, eskalatzailea. Bizitza osoa darama rokodromo eta pareten munduan, batetik bestera. Europan zehar leku askotan ibilia da, baina aitortu digu eskalatzeko hemen bezalako lekurik ez dagoela. Altsasuarrak ez du punta-puntako eskalatzaileek duten sonarik, baina ez da zertan haietaz bekaiztu. Izan ere, paretan gora egiteari ekiten dionean, maila aparteko eskalatzailea dela erakusten du. Horren adibide da joan zen abuztuaren 31n “Akelarre” bidea kateatu izana, ordura arte soilik Iker Pou eta Dani Andradak lortutako zerbait.
1.- Noiz hasi zinen eskalatzen?
Seguru ez dakit, baina gutxi gorabehera 13-14 bat urterekin.
2.-Zerk erakarri zintuen eskaladaren mundura?
Hasiera batean mendian ibiltzen nintzen, Altsasuko Mendigoizaleak taldearekin eta. Giro horretan eskaladan zebilen jendea ezagutzen joan nintzen: Koldo Arnanz, Aranburu... Beraiei esker pixkanaka eskaladarekin kontaktua hartzen joan nintzen, eta geroztik ez naiz gelditu.
3.-Prestaketa aldetik beste kiroletatik desberdina da?
Bai, prestaketa oso berezia da. Berezia eta zaila. Atletismoan, adibidez, entrenatzeko metodo asko daude, baina eskaladan oraindik metodo horiek garatzeke daude. Beste kiroletan prestaketa jakin bat eramanda badakizu sasoiko egonen zarela. Eskaladan, ordea, ez da oraindik horrelako formula miragarririk aurkitu. Agian kirol mediatikoago bat izango balitz...
4.- Zure entrenamenduak nolakoak izaten dira?
Altsasuko rokodromoan ordu asko igarotzen ditut, besteak beste indarra eta erresistentzia lantzen. Denboraldiaren momentuaren arabera entrenamenduak desberdinak izaten dira. Adibidez, irteera jakin bat prestatzen dudanean edota helburu jakin bat dudanean entrenamenduak espezifikoagoak izaten dira.
5.- Elikadura bereziki zaindu beharreko kontu bat da?
Pisua oso garrantzitsua da eskaladan. Nahiz eta asko entrenatu, ez baduzu pisua kontrolatzen, jai duzu. Ez dut esaten obsesionatu behar zarenik, baina zaindu behintzat zaindu behar da.
6.- Eskalatzeko baduzu leku kuttunik?
Horren aldetik pribilegiatu bat sentitzen naiz. Azken finean, hemendik ordu batera eskalatzeko leku oso egokiak dituzu, hala nola, Etxauri, Apellaniz, Egino... Europa aldera asko irten izan naiz, udako oporretan bereziki,eta urtaro horretan eskalatzeko ez dira baldintza egokienak ematen. Ni behintzat hemengo lekuekin geratzen naiz. Adibidez, Etxauri eta Lezen asko disfrutatzen dut. Beraz, ez dut zertan kanpora joan eskaladaz disfrutatzeko.
7.- Eskalada kirolik gogorrenetariko bat bezala kontsideratzen da. Ados zaude horrekin?
Fisikoki ez behintzat. Entrenamendu on bat behar da, baina fisikoki atletismoa eta txirrindularitza gogorragoak direla uste dut. Eskaladan jasaten duzun nekea ez da beste kirol horietan sentitzen duzun neke bera.
8.- Eta alde psikologikoak zenbaterainoko garrantzia dauka?
Burua eskaladan ia %80 dela esan daiteke. Eskalatzen ari zarenean uneoro zentratuta egon behar zara, erorikoengatik eta. Gainera, eskalatzeko oraindik asko falta zaizunean behar-beharrezkoa da burua hotz mantentzea, buruari buelta asko emanda azkenean nekatzea besterik ez baituzu lortzen. Indar psikologiko hori azkenean urteekin hartzen joaten zara. Noizbait beldurra sentitzea normala da; gakoa beldur horrekin jostatzean datza, beti ere burua galdu gabe.
9.- Zure ibilbidea errepasatzen badugu, ziurrenik berriki egin duzun “Akelarre” bidea izango da orain arteko lorpenik garrantzitsuena. Zer ekarri zizun zuri 9a kategoriako bide bat patrikaratzeak?
Eskaladan zein gainontzeko kiroletan, motibazioa lortzeko asmoz, helburuak eta erronkak jartzen dizkiot neure buruari. Pare bat urte neramatzan eskaladan nire gradu maximoa igo gabe, eta pauso bat aurrera egiteko irrikaz nengoen. Gauzak horrela, “Akelarre” bide probatu nuen, helburu gisa oso polita iruditu zitzaidana. Bide benetan ederra da eta, era berean, luzea.
10.- Ziur aski saiakera askoren fruitua izango zen...
Bai. Orain dela bi urte frogatu nuen lehenengoz. Iaz lesio bat izan nuen atzamar baten lotailuan, eta ezin izan nuen ezertxo ere egin. Aurten, berriz, lan bat nahiko aurreratuta neukan, eta berriz probatzen hastea erabaki nuen. Sentsazioz ondo nenbilen, eta motibazioa goraka zihoakidan. Horrela, ibilian-ibilian bidea kateatzea lortu nuen.
11.- Bide horretan lurretik 60 bat metrora egon zinen. Zer sentitzen da halakoetan lurrera begiratzen duzunean?
Altuera horretan eskalatzeak psikologikoki ikaragarri hustu nau. Askotan erori naiz oso goian, ordubete eskalatzen ibili eta gero, eta momentu horietan burutik gauza asko pasatzen zaizkizu. Zalantza egiten duzu berriz ere horraino igotzeko gai izanen zaren edo ez. Psikologikoki oso gogorra da, horregatik esaten dut “Akelarre” bideak hustu egin nauela.
12.- “Akelarre” bidea kenduta, baduzu bereziki gogoratzen duzun biderik?
“Kidetasunaren balio erantsia”, Ekaitz Maizek 2006an egin zuena. Plakako bidea da, eta bereziki gustatzen zait. Bia benetan teknikoa da. “Mamirik gabeko gorputza” ere oso gogoko dut. “Akelarre”-rekin batera horiexek dira nire bi biderik gogokoenak.
13.- Eskalada nola definituko zenuke, bakarkako kirol edota talde kirol bezala?
Niretzako eskaladan harremanak oso garrantzitsuak dira. Ez naiz soilik aseguratzen nauen pertsona batekin joaten. Hortaz landa, pertsonarekin harreman ona izatea beharrezkotzat jotzen dut. Bestelakoan eskalada nahiko indibiduala da, paretan gora azken finean zu bakarrik zoazelako. Baina esan bezala, harremanei garrantzi handia ematen diet.
14.- Urte hauetan guztietan jende askorekin eskalatuko zenuen. Miresmen berezia sortzen dizunik baduzu?
Ez, ez naiz oso mitomanoa. Miresmena nire ondoan dauden pertsonei diet, ez punta-puntan dabiltzanei.
15.- Sakanan geroz eta gazte gehiagok ekiten dio eskalatzeari. Zergatik?
Nire iritziz gakoa rokodromoetan dago. Guk hasieran ez genuen horrelako lekurik, ahal genuen bezala ibiltzen ginen. Alde horretatik ezkutuan ibiltzen ginen, ez baitzegoen batere ondo ikusita, batik bat arrisku kontuengatik. Gurasoei aitzakia franko jartzen genien... Hala ere, urte horien oroitzapen bikainak ditut. Benetan gustura ibiltzen ginen. Egungo egoera oso bestelakoa da. Oraingo gazteek nahi dituzten medio guztiak dituzte eskura, eta horrek gauzak asko aldatzen ditu.
16.- Eskalatzeaz gain, beste kirol batzuk ere praktikatzen dituzu, eta gainera, soinketa irakaslea zara. Kirolik gabe bizitzeko gai izango zinateke?
Ez, guztiz ezinezkoa litzateke. Kirola betidanik egin dudan zerbait da. Korrika egitea, bizikleta, mendiko eskia... Kirol asko praktikatu ditut orain arte, eta hala egiten jarraituko dut; kirola nire bizitza da. Kirolak naturarekiko harreman estu bat izateko aukera ematen dizu, eta hori beste ezerk ez dizu ematen.
17.- Etorkizunerako baduzu erronka konkreturen bat?
Momentuz eskalatzen jarraituko dut. Orain, agian, bistaz eskalatuko dut gehiago. Negu partean oso gustura eskalatzen dut, niretzako egokiak diren baldintzak ematen baitira. Adibidez, hotzarekin errazagoa da heldulekuei eustea. Edonola ere, esan beharra daukat eski denboraldiari gogotsu itxaroten nagoela.