Ordubete inguruko omenaldia izan zen, zeinetan kantu, bertso nahiz esker hitzak aditu ahal izan ziren. Lehenik eta behin, ikastolako lehenbiziko ikasleek eta gaur egungoek Alain Iriartek prestatutako bertso bat abestu zuten. Honen ostean, Andra Mari ikastolako lehendakari den Igor Artiedak hitz batzuk esan zituen. Honek ikastola sortzeko lehen haziak erein zituzten gurasoei esker hitzak zuzendu zizkien: “Gaur egun Arbizun hezkuntza proiektu sendo bat badugu, hein handi batean guraso haiei esker da. Ikastolaren proiektuari ekiteko diktadura garaian beren seme alaben hezkuntza arriskatu zuten, zerotik hasi baitziren. Ausardia handiz jokatu zuten”.
Artiedaren hitzen ondoren, Andra Mari ikastolako ikasle ohi batzuek “Bai euskarari” kantua abestu zuten, eta honen ostean, Udalaren izenean Jesus Mari Mendinueta mintzatu zen. Mendinuetaren esanetan, Arbizuko udalak betidanik eman dio laguntza ikastolari, eta hala egiten jarraituko du. “Udaletik ikastolaren proiektua oraindik beharrezkoa dela ikusten dugu, eta horri laguntzen segituko dugu, behar dituzten baliabide guztiak beren esku utziz”, gaineratu zuen Mendinuetak.
Jarraian, ekitaldirako preseski prestatutako bideo bat proiektatu zen, zeinetan ikastolaren 40 urteko ibilbidearen errepaso bat egiten den. Andra Marin ibilitako ikasle, irakasle, sortzaile zein gurasoen adierazpenak biltzen dira bideoan. Hauek adierazten duten bezala, hasierako urteak oztopoz beterikoak izan ziren, ia hilabetero lekuz aldatu behar izaten baitzuten, eta baliabide aldetik ere gabezia handiak zituzten. Instituzio aldetik laguntza gutxi izan zuten. Soilik Principe de Vianatik jaso zuten babesa, baina hau ere nahiko mugatua zen. Hala ere, bideoan ongi erakusten den bezala, gurasoen elkartasunaren eta auzolanaren bitartez proiektua aurrera ateratzea lortu zen.
Bideoa proiektatu eta gero, Patxi Leiza ikastolaren sortzaileen izenean mintzatu zen. Hunkidura ezin izan zuen estali: “Hemen esan dituzuen guztiek bete egiten gaituzte. Eskerrik asko, benetan”. Leizaren arabera, hasieran zituzten aurreikuspen guztiak bete dira, eta hori, hein handi batean, gurasoen partetik jasotako babesarengatik izan da. Hortaz landa, ikastolaren bidea gurasoek euren kabuz markatu behar dutela gaineratu zuen, besteengandik ezin baita gehiegirik espero. “Inplikazioa izanda, lan asko eginda, ametsak egia bihur daitezke”, azpimarratu zuen Leizak.
Ekitaldiari amaiera emateko, sortzaileen omenez lau dantzarik aurreskua dantzatu zuten, eta ondoren, hamaiketakoa izan zen beheko solairuan.