Joan den urteko udan hasitako obrak despedituta, ikasturte honetan mustu dute Iturmendiko eskola berria. Urteak zeramatzaten irakasle zein ikasleek eraikin zaharreko baldintzez kexatzen, ondo kokatuta egon arren, espazio aldetik txikiegia baitzen klaseak behar bezala emateko. Horrela, eskola berriaren eraikuntzarekin erantzuna eman zaie aipatutako kexa eta eskakizunei. Eraikin berriak 450 metro karratu ditu, hiru gela handi, ordenagailu gela bat, komunak, aldagelak, irakasle gela eta psikomotrizitate gela.
Eskolako zuzendaria den Irene Arretxeren arabera, eskola zahar eta berriaren arteko aldea oso nabarmena da: “Eraikin zaharrean espazio oso murriztua genuen. Klaseak emateko gela bat bitan banatzen genuen akordeoi moduko pertsiana batekin, eta oso deserosoa zen, lekua txikia izateaz aparte ondoko gelako zarata guztia entzuten baitzen. Orain, ordea, bi gela handi ditugu, eta beste gela handi bat erdibituta daukagu, laguntza emateko”.
Edonola ere, eskola berria egiteko proiektuak hainbat oztopo gainditu behar izan ditu azkenean argia ikusi ahal izateko. Plana izatez 2010 inguruan zen abiatzekoa. Hasierako egitasmo horretan hiru gela handi eta patio estali handi bat egitea zegoen aurreikusita, horretarako aurrekontua 630.000 eurokoa zelarik. Haatik, plana onartu eta hilabete batzuen buruan Hezkuntza Departamentuak egitasmoa atzeratzea erabaki zuen, erabakia hartu ostean azaldu zuenez, “Iruñea inguruan eskolaketaren igoerak sortutako beharrei erantzuteko”. Arretxek aitortu duenez, momentu horretan gauzak oso beltz ikusi zituzten: “Plana atzeratu zutenean azkenean egingo ez zutela pentsatu genuen. Azken batean, gaur egun gauzak nola dauden ikusita, ez da erraza herri txikietan horrelako egitasmoak aurrera ateratzea”.
Oztopoak oztopo, azkenean egitasmoa gauzatzea lortu zuten, eta hori, Arretxeren esanetan, Iturmendiko Udalak emandako laguntzagatik izan zen hein handi batean. Hark 2011n kolaborazio hitzarmen bat sinatu zuen Nafarroako Gobernuarekin, eskola berria eraikitzea posible egin zuena. Hala ere, azkenean burutu zen plana egiteko 410.000 euroko aurrekontu bat onartu zen, hasieran planteatu zen kopurutik urruti dagoena. Hori dela eta, hirugarren gela eta patio estalia ezin izan ziren egin. Eskolako zuzendariaren arabera, lastima bat da beste gela bat eta patio handiago bat ez izatea, baina bi gela handiekin eta eraikinaren ondoan dagoen hormigoi zatiarekin ondo moldatzen dira, eta eguraldia txarra denean sarreran espazio nahikoa dago umeak estalpean egoteko.
Elkarlanean oinarritutako antolaketa
Gaur egun 3-12 urte bitarteko 19 ikasle ditu Arrano Beltza eskolak. Klaseen antolaketari dagokionean, antzeko adina dutenak klase berean aritzen dira. Horrela, haur hezkuntza osoa gela batean dago, eta lehen hezkuntzako hirugarren mailatik seigarren mailara bitarteko ikasleak ere klase berean daude. Arretxeren arabera, adin desberdineko ikasleak klase berean aritzeak alde positibo gehiago ditu negatiboak baino, klaseak horrela antolatuta ikasleen arteko elkarlana sustatzen baita.
Hezkuntza alorrean izandako murrizketei dagokienean, zuzendariak garbi dauka haren ondoriorik ez dutela pairatu: “Murrizketen eraginik ez dugu jasan. Guri izatez hiru postu dagozkigu, baina pixka bat borrokatuta beste lanaldi erdi bat lortu genuen. Postu erdi hau lortu izan ez bagenu ez ginatekeen gai izango batzuetan behar ditugun bikoizketak egiteko”.
Atzera begira
Gaur egun Aritzaga elkartea hartzen duen eraikinak XVIII. mendean udaletxea eta eskola hartzen zituen. 1913an eraiki zen aurreko ikasturtera arte erabili den eskola, 1992an eraberritu zena. Hamar urte geroago eraberritu egin zuten.