Mendeak daramatzate kanpandorreetan bizitzen. Hasiera batean, haien orratzen erritmoak gazte zein zaharren bizi-martxa markatzen zuen, orkestra bateko zuzendariak bailiran. Haiei esker, herri bateko biztanle guztiak batera ibiltzea posible zen: noiz joan lanera, noiz itzuli etxera, noiz bazkaldu, noiz afaldu... Egun, oraindik ere hor goian ditugu, orduen joanaz berri ematen, baina dagoeneko gutxi dira begiak gora zuzendu eta haien balioaz jabetzen direnak. Bai, kanpandorreetako erloju monumentalez ari gara.
Gaur egun, egoera oso desberdinean dauden erlojuak topa ditzakegu: batzuk txukun zainduta dauden bitartean, beste batzuk herdoilez beterik daude. Leku askotan erlojuak ez dira ondare historikoaren parte bezala hartzen, eta kasu askotan bazter batean botata bukatzen dute, hautsa pilatzen. Egoera horretaz ohartuta, Euskal Herrian zenbait elkarte sortu dira, nolabait ere, erloju horien balio historikoa kontuan hartu eta hauek behar bezala zaintzeko. Elkarte horien artean dago, hain zuzen ere, Yeregui elkartea.
Yeregui elkartea Xabier Alvarez Yereguik fundatu du aurtengo apirilaren 6an. Dena den, elkartea duela gutxi sortu arren, bi urte baino gehiago daramatza Xabierrek bere emaztearekin batera erlojugintzaren inguruan bilketa egiten. “Duela sei urte inguru Zumaian bertako historia industrialaren inguruko bilketa talde bat sortu genuen. Horrela, duela pare bat urte, emazteak eta biok erlojugintzarekin gauza bera egin genezakeela pentsatu genuen. Ideiak asko motibatu ninduen, nire birraitona erlojugilea baitzen”, hasi da kontatzen Xabier.
Haren birraitona, Benito Yeregui Goldaracena, 1843an jaio zen, Betelun, eta Yeregui erlojugile eta errementarien bost belaunalditatik hirugarren parte izan zen. Zaharrena Jose Francisco Yeregui da, 1760an Leitzan jaioa eta ondoren Betelura joandakoa. Haren seme Juan Manuel ere erlojugile eta errementaria izan zen. Benito Yeregui Juan Manuelen ondorengo belaunaldiaren parte da. Hura 26 bat urte zituela Betelutik Usurbilera joan zen, baina bertako sutegian erlojugintzan segitu zuen. “14 urte zituenetik erlojugintzan jardundakoa zen, eta herriz aldatuagatik ere ez zion erlojuak egiteari utzi nahi izan. 1912an hil zen arte erlojugile izaten jarraitu zuen”, kontatu du Xabierrek.
Erlojugintzan eginiko ibilbide luze horretan 81 erloju egin zituen Benito Yereguik. Hasieran egin zituenak artisau lanak direla esan daiteke. Izan ere, hasiera batean pieza guztiak eskuz egiten zituzten. Batzuek piezak egiteko ikasketak eta guzti burutu beharra izaten zuten, hauek ekoiztu ahal izateko kalkulu matematikoak eta bestelako jakintza batzuk menderatzea beharrezkoa baitzen.
Edonola ere, 1890 inguruan piezak Moretz deituriko Frantziako herri txiki batetik inportatzen hasi ziren. Joera berri honen arrazoia, Xabierren arabera, piezen kalitatean datza: “Moretzen makinaria oso garatua zeukaten, eta makina horiekin piezak zehaztasun osoz egitea posible zen. Piezak eskuz eginda, ordea, zehaztasun hori zertxobait galtzen zuten. Eta haien kalitatea funtsezko kontu bat da, akats txikiren bat edukita erlojua denborarekin gelditu egingo bailitzateke”. Orain arte ikusi dituzten erloju gehienek hango piezak dituzte, baina ez dakite soilik piezak ekarri edo zuzenean erlojuak oso osorik ekartzen zituzten. Badakite Benitok 1896an erloju osoa ekarri zuela Zarauzko Frantziskotarretan jartzeko, baina ez dute beste konstantziarik.
81 erlojuen bila
Gauzak horrela, Xabier eta bere emazte Bego erlojugintzaren mundu horretan sartu zirenean, Benito Yereguik egindako 81 erloju horiek bilatzeari ekin zioten. Momentuz 41 aurkitu dituzte, eta gehiagoren bila jarraitzeko asmoa dute. Xabierren arabera, beren helburua ahalik eta erloju gehien topatu eta horiek berreskuratzeko moduak aurkitzea da. Izan ere, garbi dauka erlojuak beraiek zaindu ezean, ez dituela beste inork zainduko. Euskal Herrian, orokorki, ez dago erloju monumentalak ondare historiko kontsideratzeko joerarik, eta Xabierren hitzetan, “horren ondorioz erloju monumentalak traste zahar batzuk izango balira bezala tratatzen dira”.
Gurean erloju mekanikoen ordez erloju elektrikoak jarri dira kanpandorre askotan, zehatzagoak eta erosoagoak direla argudiatuta. Horrela, balio historiko handiko erloju hauek trasteleku batean botata uzten dira, eta kasurik okerrenetan, zakarretara botatzen dira. Europako beste zenbait herrialdetan horrelako zerbait gertatzea pentsaezina litzateke. Belgikan, esate baterako, Gobernuak aditu talde bat osatzen du, eta berau erloju monumental guztiez arduratzen da. Erloju hauen inguruan erabaki bat hartu nahi bada, batzorde honen onespena izatea derrigorrezkoa da.
Egoera horretan, erlojuak behar bezala baloratu eta ondarearen parte bezala hartzeko, lehen aipaturiko Yeregui elkartea sortu zen. Izan ere, elkartearen fundatzaile den Xabierren arabera, indarra egiteko eta zerbait lortzeko modu bakarra elkarte bat sortzea da, norbanakoek instituzioengan eragin oso txikia baitute.
Elkartearen kezka nagusia Euskal Herrian erloju monumentalekiko dagoen ezjakintasuna da. “Orain arte erloju ugari galdu dira jendearen ezjakintasunagatik, eta hemendik aurrera halakorik ez gertatzea nahiko genuke”, azaldu du Xabierrek. Ez da erronka makala, kanpandorreetan dauden altxorrak behar bezala baloratzeko lehenik eta behin jendea kontzientziatu egin behar baita. Edonola ere, Xabierrek eta Yeregui elkarteak ekinean jarraituko dute, mendeetan zehar iraun duten historia zatitxo horien alde lan egiten.
Yeregui erlojuak Altsasu eta Egiarretan
Yeregui familiak eginiko bi erloju ditugu Sakanan: Altsasun eta Egiarretan, hain zuzen. Altsasukoa Norte erloju dendako erakusleihoan aurki dezakegu horietako bat. Kasu berezia da, haraino iristeko egin zuen bidea oso bitxia izan baitzen. Egun batean, erloju dendako jabea atarian zegoen zigarro bat erretzen, eta non ikusten duen ijito bat orgatila goraino beteta zuela. Orgatilan erloju zahar handi bat zegoela ikusi zuen, eta berehala konturatu zen ez zela edonolakoa. Horrela, ijitoari erlojua erosteko pronto zegoela esan zion. Hark ezetz, jadanik txatarrekoarekin hitzartuta omen zuen. Erloju dendako jabeak ez zuen amore eman nahi, eta azkenean urrezko eraztun baten truke lortu zuen erlojua. Garbitu, desmuntatu, txukundu, eta geroztik erakusleihoan dauka jarrita.
Egiarretako erlojuari dagokionean, berau Jose Francisco Yereguik egin zuen 1804.urtean. Egun geldirik dago, herdoil askorekin, baina Xabierren aburuz, oraindik berreskuratu daitekeen erloju bat da. Esferarik gabekoa da, hau da, kanpaia dauka bakarrik. Hasieran kanpandorretako erlojuak horrelakoak izaten ziren. Horrela, sorora joaten zirenek ez zuten esfera ikusten, baina kanpai hotsei esker zein ordutan bizi ziren jakiteko aukera zuten. Ihabarren ere izan zen Yeregui erloju bat, baina 1930 inguruan Moretz batengatik aldatu zuten.
Aipatutako bi erlojuez landa, duela gutxi Arbizuko elizan ere Yeregui erloju bat egon zitekeela esan zioten Alvarezi. Elkartekideak udaletxeko dokumentazioa aztertzen ari dira elkartekoak. Izan ere, 1831ko Yeregui erlojua izan daiteke, baina kanpoko aldean duen esferan 1750 urtea ageri da eta hura beste erloju batena izan litekeelako agiri azterketan segitzen dute. Alvarezek esan digunez, “erlojua geldirik dago, baina garai hartakoa izateko, teknologia handia zuen”. Hala ere, ikerketan gehiago sakondu behar dute. Jose Francisco 1750. urtean jaio zen. Edonola ere, udaletxeko agiri bati esker jakin ahal izan da Jose Francisco eta haren seme Jose Manuel Betelutik Arbizura joaten zirela erlojuaren zainketa egitera.
Iturmendin dagoen erloju zaharra Iruñeko Joaquin Erviti etxeko Moretz da. Etxe horretakoa da ere Urdiaingo herriaren etxeko ezkaratzean dagoen erlojua. Alvarezek azaldu digunez, nabaria da jendeak erlojua ukitzen duela eta hobe gorde beharko litzatekeela uste du, “gure arbasoek utzitako ondarea da”. Ziordian berritu berri dena ere Moretz erlojua da.