Carlos Sergio olaztiarrak herrian opatu eta Ezpilleta historia eta arkeologia elkarteak islama iberiar penintsulan egon zen garaiko kriseilu bat ezagutzera eman du. Balio handiko pieza bat da, islamiarrak VIII. mendean penintsulan izan zireneko hutsune arkeologikoa oso handia baita. Gainera, Mikel Markotegi Ezpilleta elkarteko presidentearen arabera, aurkikuntza honek historiografia espainiarrak kontatu izan duena ezbaian jartzen du: “betidanik kontatu izan zaigu islama bisigodoek geratu zutela iparraldean, Asturias inguruan, Covadongako birjinaren laguntzarekin. Bada, islamiarren aztarna bat hemen aurkitzeak zera erakusten digu, hauek hemendik ere igaro zirela, ez zituztela Asturiasen gelditu. Islamiarrak benetan Carlos Martel frankoak kanporatu zituen, Poatiers Tours-en, hain zuzen. Beraz, penintsula guztia igaro eta Frantzian barneratzera iritsi ziren”.
Kriseilu horretaz landa, Iruñeko Gaztelu plazan dagoen maqbara musulmana -hilerri baten antzekoa dena- ere Islama Nafarroan izan zenaren erakusle da. Isotopo egonkorren bitartez eginiko azterketa baten bidez jakin da hilerri horretan zegoen jende gehiena bereberra zela. Haiek ziurrenik Olazti inguruan kokatu ziren, eta hori ongi erakusten du aipatutako kriseilu islamiar horrek. Gainera, Markotegiren esanetan, kriseilu bat aurkitzeak bereberrak bertan bizitzen egon zirela erakusten du, berau etxeko tresna bat kontsidera baitaiteke.
Baimen ofizialaren zain
Ezpilleta elkartea joan den urteko maiatzean sortu zen. Lehenago elkarteko kide batzuk euren kabuz ibiltzen ziren, baina pentsatu zuten elkarte bat eratuta segurtasun juridiko handiagoa izango zutela. Gaur egun, elkarte honen eginbehar nagusia Sakanan prospekzioak egitea da. Haatik, lan hau burutzeko ez daukate nahiko luketen askatasun guztia, oraindik ez baitaukate prospekzioak egiteko baimen ofizialik. Eskaera abenduan egin zuten, eta lortzekotan baimena 2015 guztirako izanen lukete.
Elkarteko lehendakariak garbi dauka baimen hau lortzeak lana asko erraztuko liekeela: “Baimen horrekin, adibidez, Urbasako mendi zerran batetik bestera nahi bezala ibili zaitezke. Baimenik gabe bazabiltza, ordea, 600 eta 3.000 euro arteko isun bat jarri diezazukete. Andia eremu oso zabala da, eta autoz batetik bestera ezin bazara ibili, guztiz mugatuta zaude. Leku guztietara oinez joatea zorakeria da. Guk behar duguna da bilaketa tokira autoz joan eta berehala lanean hastea, denborarik galdu gabe. Hortaz landa, baimena izanda diru-laguntza eta bestelakoak lortzeko aukera daukazu”.