1.- Nola sortu zen Jatorman?
Enpresa 1994an jarri zen martxan, merkatua oso gaizki zegoen garai batean. Bi lagun bildu ginen, Balbino Bengoetxea eta neroni, bien artean enpresa bat nola sortu pentsatzeko. Makinen mundua zertxobait ezagutzen genuen, eta biak zein biak zuzendaritza teknikoa ematetik gentozen. Egin genuen bilera horretan planari forma eman genion. Momentu hartan ez zegoen tokirik apenas, beraz, gauza gutxirekin hasi ginen. Horrela, planta batean ordenagailuak eta bestelakoak jarri genituen, eta horrekin jadanik diseinuak egiten hasi ginen. Merkatua irabazi egin behar zen, hasiberriak ginen, eta lehenengo urtea gogorra izan zen, dudarik gabe. Krisi garai bat zen, zailtasun asko izan genituen, baina azkenean aurrera ateratzea lortu genuen.
2.- Zein zen hasieran zenuten asmoa?
Guk espezializazio bat sortu nahi genuen: piezak mugitzeko, manipulatzeko tresneria, hain zuzen. Manipulazio industrialean zentratu ginen, eta ildo horretatik jarraitu genuen ondorengo urteetan. Gure izenak ondo erakusten du zein zen gure hasierako asmoa: jator, gertukoa, jatorra, eta man, manipulazioa.
3.- Orduan enpresa bat sortzea orain baino lan errazagoa ala zailagoa zen?
Nire ustez, enpresa bat sortzea, zailtasun maila aldetik, beti berdintsua da. Gauza da momentu jakin batean norberak interes hori, iniziatiba hori izan behar duela. Zuk berria den zerbait egiteko interesik ez baduzu, eta sakrifizio batean ez baduzu sartu nahi, ez duzu sekula ezer eginen. Horrela, beti egongo zara besteen menpe. Zuk enpresa bat sortzeko interesa, gogoa, eta sakrifizio bat egiteko prest egotea behar duzu. Hori lehen horrela zen, eta orain ere hala izaten jarraitzen du.
4.- Gaur egun zehazki zertan diharduzue?
Gu makina espezializatu horietan hasi ginen, eta ondoren eboluzio bat eman zen. Eboluzio hori beti izaten da, hasieran beti sartzen baitzara ezagutzen ez duzun merkatu batean. Denboraren poderioz zure sektorearekiko duzun ezagutza handituz doa, eta ezagutza horrek zure produktua aldatzen joatea ahalbidetzen dizu. Hasiera batean sektore askotan sartu ginen, pieza ugari mugitzeko helburuarekin. Ondoren, gu hasi eta bi urtera, Gamesarekin pala aero-generadoreak sortzeko makinak sortzen hasi ginen. Manipulazioarekin jarraitu genuen, baina beste lan batzuk gehitzen joan ginen. Hori guztia egin ondoren, eta gaur egun ere horrelako lanak egiten jarraitzen dugun arren, pixkanaka espezializatzen joan gara. Manipulazioa zentzu guztietan jorratu dugu (biltegi automatikoak ere egiten ditugu), eta ondoren robotikan sartu ginen. Momentu honetan pisu handiak mugitzea ahalbidetzen duten robot antropomorfoak ari gara garatzen. Hauen bidez posible da 4 tona inguruko piezak mugitzea.
5.- Proiektua abiatu zenutenetik 20 urte igaro dira. Urte hauetan guztietan zuen filosofiak aldaketarik izan du?
Filosofia zentzu batean aldatu da bakarrik: hasieran guretzat errazak ziren produktuak ekoizten hasi ginen, baina ondoren ur sakonagoetan sartu ginen. Azken batean, ezagunak eta errazak diren produktuak ekoizten badituzu, hau da, balio gehigarri gutxi dutenak, ziur asko konpetentzia maila altua izanen duzu. Orduan, azkeneko urte hauetan gure intentzioa produktua teknologia altuagoarekin sortzea izan da. Horrek gehiago ikasten lagundu digu. Egoera horretan konpetentzia gutxiago daukazu, baino produktua askoz ere sofistikatuagoa da, eta ekoizpen prozesua askoz ere konplexuagoa.
6.- Eredu bezala hartu duzuen enpresarik baduzue?
Ez. Zentzu horretan, espezializazioa duzunean, hau da, produktu oso konkretu bat ekoizten duzunean, errazagoa da erreferentzia jakin batzuk izatea. Gu, ordea, norberaren sormenak, norberaren agudeziak garrantzi handia daukan merkatu batean gaude. Orduan, gainontzekoei begira aritzeak ez dauka zentzu handirik, azken finean bakoitza bere medioekin moldatzen baita.
7.- Langileek zer nolako prestaketa izan behar dute?
Gaur egun 25 langile ditugu, etahorietatik 10 ingeniariak dira. Esan bezala, momentu honetan robotikan buru belarri sartuta gabiltza, eta horrek pertsonalak gaitasun handia izatea eskatzen dizu. Makina bat sortzeak, alde batetik, jakituria eskatzen dizu, eta, bestetik, esperientzia. Hemen dagoen jende asko esperientzia hori hemen bertan joan da lortzen, eta beste batzuk jadanik esperientzia handia zutela kontratatu genituen. Bestalde, muntaietan dagoen pertsonalak esperientzia handia du bai muntaien arloan, bai soldaduran, baita tornuetan ere. Lan hori egin ahal izateko, Lanbide Heziketako goi mailako ikasketak izatea beharrezkoa da.
8.- Krisiak gogor jo du Sakanan. Zuengan zer nolako eragina izan du?
Krisiak denoi eman digu ostiko handia. Krisia baino lehen interes handiko proiektuak genituen esku artean, baina beheraldi honek plan guzti horiek gelditu egin zituen. Urte hauetan, beraz, nahiko geldi ibili gara. Aurrera egitea lortu dugu, baino nahiko genukeena baino gauza gutxiago eginez. Lan taldea behintzat ez dugu murriztu. Murriztu beharrean, gehiago kualifikatu dugu, gehiago prestatu dugu; izan ere, momentu honetan atzerrirako gauza asko ari gara egiten, eta gauza horiek egiteko kualifikazio handia izan behar duzu.
9.- Nola lortu duzue pertsonala osorik mantentzea?
Askotan sakrifizioak eginda. Zenbait urtetan nahiko gaizki ibili gara, ekonomikoki momentu txarrak izan dira, baina argi izan dugu krisi egoera batean kaleratzeak egin ondoren, behin krisia pasata, lana zail diezazukeela. Gauzak horrela, eskaintza handitzen eta etorkizunari begiratzen saiatu gara, langileak mantendu eta berauen kualifikazioa handituz.
10.- Zuen lantegiaren inguruan zeuden lantegi askok ateak itxi behar izan dituzte. Zein desberdintasun dago itxitako enpresa horien eta zuen artean?
Itxi dutenek enpresa ixteko euren arrazoiak izango dituzte. Enpresa batek ez du nahi duelako ixten, eta are gutxiago, kasu honetan bezala, enpresa txikiez ari bagara, hauek sakrifiziorako ahalmen handia baitaukate. Batzuen kasuan enpresa handiek zor handiak utzi dizkiete, eta ezin izan diote egoerari buelta eman. Beste batzuek, ordea, inbertsioa egiterako unean ez dute bankuen babesa jasotzen, eta enpresa itxi behar izaten dute. Itxi duten horien artean lanaren bila joateko pausorik eman ez duten enpresak ere badaude. Arrazoiak mila izan daitezke. Dakidana da guk esfortzu handia egin dugula aurrera ateratzeko, eta momentuz behintzat ongi doakigu.
11.- Zein enpresa eredu nagusitu beharko litzateke ibarreko egoera ekonomikoak hobera egiteko?
Esfortzuan eta ahaleginean oinarritutako eredu bat. Esan bezala, gu egoera zail batean hasi ginen, baina sakrifizioari esker hemen gaude, 20 urte geroago, proiektu sendo batekin. Horrek zera erakusten du, hasiera zailetatik etorkizun oparoko proiektuak sor daitezkeela. Eta ez da diru kontua. Enpresa bat eraikitzen diru gutxirekin has zaitezke. Ondoren, lanarekin eta gogoarekin gauzak ateratzen joaten zaizkizu. Merkatuan beti daude hutsuneak, eta enpresa txikiak beti sor daitezke, dela bakarka, taldean edo kooperatiban. Nik ulertzen ez dudana da kanpokoek lana ekartzearen zain egotea. Ekimena guk geuk izan behar dugu, bestela oso zaila baita aurrera egitea.
12.- Gaur egun mota askotako enpresei eskaintzen diezue zuen zerbitzua. Besteak beste, elikagai, automobilgintza, aeronautika eta elektrizitate enpresak daude zuen bezero zerrendan. Zergatik horrenbesteko dibertsifikazioa?
Zure lan gehiena enpresa baten esku badago, hor arrisku handi bat daukazu. Gu hasiera batean Gamesarekin hasi ginen. Gamesa mundu guztian zabaldu da, eta horri esker, mundu osoan egin ditugu instalazioak: Espainian, AEBetan, Brasilen, Indian, Txinan… Horrela, nazioarteko esperientzia horri esker, beste eremu batzuetara zabaltzen joan gara. Orain, besteak beste, Vestasen, Siemensen edo Accionan gaude sartuta. Azken batean gakoa norberaren produktua zabaltzea eta lantzea da. Horrekin batera, soilik aerogeneradoreetan ez gelditzeko, gure produktua mugimendu automatikoetan eta pisu handikoetan espezializatzen joan gara. Horri esker, gure produktua ez da industria konkretu batentzako gauza konkretu bat, baizik eta enpresa mota askori zuzenduriko produktu anitz bat.
13.- Zuen bezero nagusia energia berriztagarriekin loturiko enpresak dira. Zer dela-eta?
Produktu bakoitzak bere hasiera eta bere amaiera dauka. Orduan, produktu bat lantzen zabiltzanean berau zein fasetan dagoen jakin behar duzu. Produktu bat erabat garatuta dagoenean, gutxi daukazu egiteko. Gauzak horrela, energia eolikoa garrantzia hartzen hasi zen momentuan produktu berri batean sartzeko une aproposa zela otu zitzaigun. Orain, krisiarekin batera, energia eolikoaren sektorea ere beheraldian sartu da, beraz, biharko egunean zer egon daitekeen pentsatu behar dugu.
14.- Non saltzen duzue gehiago, hemen edo atzerrian?
Guk sortzen duguna nagusiki atzerrira dago bideraturik, baina zenbaitetan hemengo enpresen bidez iristen da atzerrira. Dena den, guk egiten ditugun gauza gehienak, izatez, kanporako dira.
15.- Zerk bereizten du Jatorman konpetentziatik?
Jatormanek gaur egun kalitatezko produktu bat eskaintzen du, eta konfiantza transmititzen dio bezeroari; Izan ere, urte asko daramazkigunez, beraiek badakite guk nola egiten dugun lan. Esaterako, Gamesak bere garaian lehentasunezko hornitzaile deitzen gintuen, gure produktuak konfiantza berezia ematen ziolako. Hortaz, gure bereizgarriak kalitatea eta konfiantza dira.