Elena Aldasoro: “gizonezkoei aplikatzen zaien medikuntza emakumeei aplikatzen zaiena baino zientifikoagoa da”

Erabiltzailearen aurpegia Eñaut Agirrebengoa Apaolaza 2015ko urt. 30a, 08:57
Elena Aldasoro Unamuno.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko ikertzailearen arabera, berdintasunezko gizarte bat lortzea gizonen ardura ere bada, egun indarrean dauden rolek haiei ere “kalte handia” egiten baitie.

Elena Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Osasun saileko ikertzaileak uste du gizonezkoek emakumezkoek baino medikuntza zientifikoagoa eskuratzeko aukera dutela. Honen arabera, farmakoak probatzeko egiten diren entseguetan gizonezkoak erabiltzeko joera dago, eta animalietan egiten denean batez ere arrak erabiltzen dira. Horrela, emakumeei aplikatzen zaien medikuntzak zenbaitetan beharko lukeen oinarri zientifikorik ez daukala uste du. Ikertzaile altsasuarra genero banaketak osasunaren alorrean duen eragina aztertzen ibili da azken urteotan, eta ikerketa horretatik ateratako ondorioak iragan ostiralean azaldu zituen Iortia kultur etxean.

Alor horretan lehen ikerketa duela 15 urte burutu zuen, genero ezberdintasunak miokardioko bihotzekoan zuen eragina aztertu zuenean. Bertatik ondorio argigarri bat atera zuen: miokardioko bihotzekoen kasuan emakumezkoak ez dira behar bezala artatuak izan. Orokorrean, mota horretako bihotzeko bat jasatean emakumezkoek gizonezkoek baino sintoma leunagoak dituzte, eta horrek, Aldasororen arabera, medikuak “arinkeriaz” jokatzera eramaten ditu zenbaitetan. Horrela, emakumezkoek aipatutako gaitzaren sintomak aurkezten dituztenean, medikuek, kasu askotan, ansiolitikoak errezetatzen dizkiete, gizonezkoei zuzenean elektrokardiograma bat egitea gomendatzen dieten bitartean.

Hortaz landa, ikertzaile eta mediku altsasuarrak koloneko minbizia ere genero ikuspuntutik aztertu du. Horrela, minbizi hau gizonezkoetan emakumezkoetan baino usuago gertatzen den arren, lehenengoak kontsultetara gutxiago joaten direla ikusi du. Aldasororen arabera, joera hori gizonezkoek duten ikuspegi gogorrak sorturikoa da, eta berau gizarte osoarendako da kaltegarria: “Maila indibidualean gizonezkoak ateratzen dira galtzen, baina maila kolektiboan denok galtzen dugu. Izan ere, horrelako gaitzen aurkako programak abiatu ahal izateko eskaria handia izatea komeni da. Programa hauek kostu ekonomiko handia dute, eta modu masibo batean erabili ezean ez dira abian jartzen”.

Aipatutako bi ikerketez gain, Aldasorok beste zenbait txosten ere garatu ditu; besteak beste, diabetes eta osasun mentalaren inguruan. Azken horri dagokionean, Eusko Jaurlaritzako ikertzailearen arabera osasun mentalaren inguruan egiten diren testetan beti emakumezkoak ateratzen dira emaitza txarragoekin. Edonola ere, test horiek funts zientifiko oso urria dutela azpimarratu nahi izan du, test hauek galdera zuzenen bidez osatutako inkesta arruntak direla esanez. “Benetan emakumezkoek depresio gehiago daukagu, edota depresioa daukagula onartzeak gizonezkoei baino lotsa gutxiago ematen digu? Agian gizon eta emakumeek ondoezak adierazteko modu ezberdinak ditugu, eta nolabait emakumezkoa estigmatizatu egiten da, esanez guk depresio gehiago izaten ditugula”, argitu du Aldasorok.

Gizartea kontzientziatzearen garrantzia
Egungo egoera irauli ahal izateko eginiko ikerketa eta ondorioak praktikan jartzea funtsezkoa dela uste du Aldasorok, eta haren arabera, hori lortu ahal izateko lehenik eta behin, klase zientifikoa, medikuen klasea eta, oro har, gizarte osoa kontzientziatu behar da. Hortaz landa, emakumea ingurukoez gehiegi ez arduratu eta bere buruaz ere arduratzea garrantzitsutzat jotzen du.

Ikertzaile altsasuarraren aburuz, prozesu hau pausoz pauso egin beharreko zerbait da. Horren guztiaren helburua zein den garbi dauka: berdintasunezko gizarte bat lortzea. Eta hau, haren esanetan, gizonezkoen ardura ere bada, gizartean finkatuta dauden rolek haiei ere kalte egiten baitie.