Gaur, Sara Pinto ipuin kontalari eta idazlea Ziordiko liburutegian izanen da. Bertaratzen direnek Pintoren azken liburu Ate Magikoa-ren kontaketa aditzeko parada izanen dute. Ziordiarraren beraren esanetan, kontaketa berezia izanen da, ipuin kontaketa bat euskaraz egiten duen lehen aldia izango baita. Orain arte ingelesez egin ditu ipuin irakurketa gehienak (ingeles eskola batean egiten du lan), eta euskaraz horrelako saio bat egitea, haren arabera, “erronka berritzaile bat” da.
Pintok dioenez, ipuin bat kontatzeak erritmoa, adierazkortasuna eta inprobisazioa eskatzen ditu. Dena den, gaur nahi beste ezingo duela inprobisatu aitortu du: “Euskara duela gutxi ikasi dut, eta gaur egun dudan mailak ez dit asko inprobisatzen uzten”. Edonola ere, esan beharrekoa ondo entseatuz gero kontaketa ongi aterako zaiola uste du, eta ziur dago pasarte batzuetan zertxobait inprobisatu eta parte hartzea sustatuta umeek primeran pasako dutela.
Kontaketaren ardatza izanen den Ate Magikoa ziordiarrak idatziriko hirugarren liburua da (publikatutakoen artean bigarrena). Pintoren arabera, liburu hau mundu magiko batera sartzeko ate bat da, mundu horretan irudimena erabilita edozein gauza egin dezakezularik. Horrela, kontakizunaren helburu nagusia umeen irudimena sustatzea dela dio. Hasiera batean erdaraz idatzi zuen, La puerta magica izenburupean, baina ondoren, Sakana mailan euskaraz idatziriko ipuinen lehiaketa bat zegoela ikusita, euskarara itzultzea erabaki zuen.
“Euskara hizkuntza polit eta interesgarria iruditzen zait”
Sara Pinto izatez Valladolidekoa da, baina duela urte batzuk Ziordira etorri zen. Hizkuntzak dira bere zaletasun handienetako bat, eta euskara ezagutu zuelarik, berau ikasten hastea erabaki zuen. Horrela, bi urte eman zituen AEKn euskara ikasten. Pintoren esanetan, ez dakien jendea hizkuntza hau ikastera animatu beharko litzateke, bere iritziz hizkuntza polit, interesgarri eta historia handikoa baita.
Euskara ikastearen zailtasun mailari dagokionez, oinarrizko kontzeptuak nahiko erraz barneratu zituela dio, lehenago beste hizkuntza batzuk ikasi izanak asko lagundu diola azpimarratuz (besteak beste, ingelera eta alemana dakizki): “Nire ustez, euskarak ezaugarri oso bereziak ditu, baina alemanarekiko zenbait antzekotasun ditu. Horri esker, zenbait aspektu errazago ikasi ahal izan ditut”.