Sakandarrak Altsasuko VI. Duatloian
1.Raul Amatriain: 1:06:18
10.Sergio Garcia de Eulate: 1:07:45
20.Mikel Astiz: 1:09:53
26.Aritz Munarriz: 1:11:27
29.Fidel Jimenez: 1:12:16
36.Iñigo Maiza: 1:14:07
37.Isidro Asurabarrena: 1:14:11
40.Fermin Azkargorta: 1:15:22
42.Jose Ignazio Mikeo: 1:15:39
56.Juantxo Azurmendi: 1:18:34
76.Iñaki Romero Torres: 1:26:39
81.Alejandro Zabala: 1:27:30
*Oharra: Federazioak ez du duatleten jaioterriko daturik eman eta hortaz gerta daiteke sakandarren bat ez agertzea.
Larunbatean ospatu zen Altsasuko duatloiaren seigarren edizioa. Duela urtebete gertatu bezala, parte hartzaileek eguraldi oso desatseginari egin behar izan zioten aurre. Izan ere, lasterketak iraun zuen bitartean lanbroa itxi-itxian aritu zen, eta hezetasuna zela medio, duatloilariei giro oso hotza aurkeztu zitzaien. Gauzak horrela, emakumezkoen lasterketan soilik 13 parte hartzaile kokatu ziren hasiera-lerroan. Gizonezkoen lasterketa jendetsuagoa izan zen, baina aurreko urteetan baino parte hartzaile gutxiago zegoela somatu zen. Guztira 109 pertsonak hartu zuten parte, iragan urtean baino 64 gutxiagok. Azkarrenak AC Triatlon taldeko Ana Casares Polo eta Saltoki Trikideak taldeko Raul Amatriain Arraiza izan ziren.
Duatloiari arratsaldeko lauretan eman zitzaion hasiera, emakumezkoen lasterketarekin; gizonezkoen txanda ordu laurden geroago heldu zen. Guztiek, gizon zein emakumeek, 3 zatitan banatutako ibilbide bat osatu behar izan zuten. Lehenik eta behin 5 km egin zituzten korrika, Altsasuko alde zaharrean kokatutako 2,5 km-ko zirkuituari bi bira emanez. Ondoren, trantsizio gunean bizikleta hartu eta zailtasun nagusi gisa Altamira zuen 22 km-ko ibilbide bati ekin zioten. Azkenik, trantsizio gunean bizikleta utzi eta korrika egin beharreko azken 2,5 km egin zituzten.
Amatriainek hasiera hasieratik erakutsi zuen gainontzekoak baino gehiago zela. Lehenengo 5 km-etan dezenteko aldea sartu zien atzetik zihoazenei, eta bizikletan denbora pixka bat galdu arren (bigarren sektore honetan 14 lehiakide bera baino azkarrago ibili ziren), azken zatian berriz ere estutu eta alde politarekin sartu zen Foruen plazako helmugan. Guztira ordu bat, 6 minutu eta 18 segundo behar izan zituen ibilbidea osatzeko. Bigarren Urko Herran Aguilarrek egin zuen, Amatriainengandik 19 segundora, eta podiuma Joseba Plagaro Rodriguk osatu zuen, ordu bat, 6 minutu eta 45 segundoko denborarekin.
Emakumezkoetan gauzak estuago egon ziren; ez helmugako marran, baina bai ibilbidean zehar, bereziki bizikletaz egin beharreko zatian. Korrika egin beharreko lehen 5 km-etan azkenean garaile izan zen Ana Casaresek erritmo bizia ezarri zuen, eta gainontzekoak nahiko atzera utzi zituen. Bigarren sektorean, baina, ezustekoa: Amaya Lopez Martinezek bizikletaz erakustaldia eman zuen, eta Casares bera aurreratu egin zuen. Alabaina, duatloilari beteranoak indar erakustaldia eman zuen ibilbidearen hirugarren zatian, eta azkenean helmugara iristen lehen emakumea bera izan zen, kronometroa ordu bat, 16 minutu eta 7 segundotan geldituta. Amaya Lopez 47 segundora sartu zen, eta hirugarren Ines Zugasti Asin izan zen, lehenengoarengandik 5 minutu eta 33 segundora.
Sakandarrak, maila onean
Sakandarren artean azkarrena Sergio Garcia de Eulate altsasuarra izan zen. Sailkapen orokorrean hamargarren egin zuen, ordu bat, 7 minutu eta 45 segundoko denborarekin. Bigarren sakandarrik onena Mikel Astiz Erro izan zen. Ihabardarra 20. sailkatu zen, Eulaterengandik bi minutu ingurura. Sei postu atzerago sailkatu zen Aritz Munarriz Igoa etxarriarra, hirugarren sakandarrik azkarrena. Honek ordu bat, 11 minutu eta 27 segundotan osatu zuen ibilbidea.
Kadeteei dagokienez, sakandarrik onenak Iñigo Maiza Razkin eta Fermin Azkargorta Gala izan ziren. Maiza bigarren kadeterik azkarrena izan zen, sailkapen orokorrean 36. egin zuelarik. Bestalde, Azkargortak laugarren egin zuen kadete mailan, eta sailkapen nagusian 40. sailkatu zen.
Bestalde, aipatzekoa da Olatz Azazeta erretiratu egin behar izan zela, eta antolakuntzak Francisco Jose Codon deskalifikatu behar izan zuen, txartelak pilatzeagatik.