Okela sormen lantegia, beharrizanetik sortua

Irati Urrestarazu Okelako atean.

Unibertsitate amaiera amildegi bilakatu ohi da ikasle arruntarentzat. Urteak fakultateko berotasunean, klasekideen aldamenean egon eta gero, bakarrik, nora jo ez dakiela izaten da. Itsaso zabalean iparrorratzik gabe balego lez, ikasle graduatu berriak erabat galduta ikusten du bere burua lan munduaren ozeanoan. Antzeko zerbait gertatu zitzaion Irati Urrestarazu Zubizarreta altsasuarrari Arte Ederretako ikasketak burutu ostean. Alabaina, honek garbi zeukan artearen mundu “gehiegi indibidualizatuan” aurrera egiteko modu bakarra indarrak batzea zela. Horrela, Arte Ederren Fakultatetik irtendako beste hiru ikaslerekin batera bildu, eta euren alorraren inguruan ikuspuntu berdina zutela ikusita, Okela sormen lantegia sortu zuten joan zen urteko apirilean.

Okela Bilboko San Frantzisko auzoko 11. zenbakian, duela hogei urte bertako harategia izandako eraikinean dago kokaturik. Ekimena martxan jartzerakoan, laukoteak konponketa eta moldatze lanak egin zituen, espazio horri sormen lantegi baten itxura emateko. Haatik, eraikinaren identitate propioak hor zirauen. Izozkailu handiak, paretetako kolore txuria, haragia mozteko lanabesak, espazioaren egitura bera… Giroak, dudarik gabe, harategi batena izaten jarraitzen zuen. Horrela, izena erabaki nahian ordu luzeak igaro ostean, berau eraikinak duen berezko izaerarekin lotzea deliberatu zuten.

Artisten Meeting Pointak
Hasiera batean lau artistek zituzten asmoen arabera, hura euren lan pertsonalak egiteko tailerra izan behar zen. Izan ere, ez zituzten espazioaren ezaugarriak ezagutzen.
Alabaina, harategi izandako eraikin haren benetako dimentsioak ikustean, proiektu zabalago bat martxan jartzearen abagunea ez zuten alferrik galdu nahi izan. “Lekua oso aproposa zen dimentsio kolektiboa izango zuen ekimen bat abian jartzeko. Erronka handia zen, baina horretarako indarrak eta gogoak sobera genituen”, dio Urrestarazuk. Horrela, bada, bi-hiru hilean behin Artisten Meeting Point izeneko jardunaldiak antolatzen hasi ziren, Euskal Herri osoko artistak bildu eta ideiak amankomunean jartzeko helburuarekin.

Artisten topaketa hauetan gai orokor bat hautatzen da mintzagai gisa -orain artekoak lurraldetasuna, gorputza, politika, prozesuak eta tradizioa izan dira-, eta bertara deialdi irekien bidez aukeraturiko hiru artistak bere lanean jardunaldi bakoitzeko mintzagaia nola jorratu duten azaltzen dute 20 minutuko tartean. “Jardunaldi hauetara ibilbide desberdineko artistak deitzen saiatzen gara. Hori eginda, artearen munduan hasiberri eta artista kontsagratuen artean dagoen transmisio falta nolabait apurtu egiten dugu”. Hitzaldiaren ostean debate bat egiten da bertan biltzen diren guztien artean, eta horri esker, Urrestarazuren arabera, artista pentsalari gisa irudikatzen da. “Artisten Meeting Point hauek Okela eztabaidagune bihurtzen dute, eta hori oso aberasgarria da guretzat”.

Gauzak horrela, hiru hilean behin ospatzen diren topaketa hauen emaitza gisa Euskal Herriko artista plastikoen sarea ehundu dute, indibidualizazioarekin hautsi eta artistei bisibilizazioa eskaintzeko helburua duena. Tresna honi esker, artista bakoitzaren lan indibidualak ikusgarri egiten dira, eta, horretaz landa, artistak hainbat irizpideren arabera (diziplina, teknika eta lurralde historikoa) lotzen dira, “etorkizunerako oso aberasgarriak izan daitezkeen aliantzak sortuz”. Artisten amaraun hau iragan urteko abenduan jarri zen martxan, eta dagoeneko 76 artistaren fitxak daude ikusgai. Bertan agertu ahal izateko hiru hilabetean behin zabaltzen dituzten deialdietara edonor aurkez daiteke, eta mapan sartzeko eskakizun bakarra norberak bere datuak bidaltzea da (sarearen kide izateko beste modua Meetin Pointetan parte hartu eta norberaren lana azaltzen duen bideo bat entregatzea da).  

Artisten sareak osatzen duen maparen ezaugarriei dagokienez, horizontala eta interaktiboa dela nabarmendu behar da. Horizontala, artista guztiak maila berean agertzen direlako (ematen zaion hasiberri bati edo ibilbide luzea duen artista bati), eta interaktiboa, internet euskarri gisa hartzeak dinamikotasuna eta informazioa kendu eta sartzeko aukera ematen duelako. Gainera, originaltasun handikoa dela esan daiteke, sare hau eratzerakoan ez baitute non begiratu izan. Antzeko proiektuak bilatu dituzte, baina ez dituzte aurkitu. “Duela zazpi bat urte Jose Luis Morazak artisten mapa bat egin zuen, baina gurearen oso bestelakoa da. Alde batetik, artistak hierarkikoki agertzen dira, eta agertzen direnak soilik ospe handiko artistak dira. Bestetik, paperean dago eginda, beraz, ez dauka gureak daukan interaktibotasunik”.

Feminismoa eta euskara ardatz
Okelako laukoteak sorturiko Euskal Herriko artista plastiko eta bisualen sarea ez dago guztiz osaturik, esan bezala, oraindik artista asko falta baitira amaraun horretako parte izateko. Edonola ere, orain arte bildutako datuek aukera ematen dute dagoeneko alorraren diagnosi bat egiteko. Urrestarazuren esanetan, mapa honetan dauden artista gehienak gazteak dira, eta hori, besteren artean, gazte jendeak kolektibizatzeko behar handiagoa duelako gertatzen da. “Jada ibilbide bat duen jendeak ez du halako interesik, eta zenbaitetan zuk ibili behar duzu haien atzetik. Gazte jendearentzat, ordea, sekulako abagunea da mapa honetan agertzea, ezagutzera emateko tresna oso eraginkor bat baita”.

Bestetik, artista altsasuarrak mapa honetan eta, oro har, Okela proiektuan batik bat emakumeak dabiltzala azpimarratzen du. Bere ustez, gazteek kolektibizatzeko behar handia duten bezala, emakumeei ere antzeko zerbait gertatzen zaie, artean, gizarteko beste zenbait esparrutan bezala, gizonezkoek erraztasun handiagoak baitituzte. “Zentzu horretan, Okela espazio feminista bat dela nabarmendu behar da”.

Feminismoa bezala, euskara ere proiektu honen ardatz nagusienetako bat da. Lau artista gazteek arazoak izan dituzte artearen munduan euskaraz jarduteko, eta horri aurre egin nahian, euskara bera hautatu dute Okelaren motore gisa. “Kontuan hartzen dugu gure lan esparruan euskara ez dakien jende asko dagoela, baina guk hasieratik argi izan dugu gure espazioa euskalduna izanen zela. Bestelako hizkuntzak onartzen ditugu, noski, baina beti ere euskara hizkuntza nagusitzat hartuz”.

Gauzak horrela, hilaren 17an San Frantzisko kaleko sormen lantegiak urtebete beteko du. Urtebete, hasieran beharrizan indibidualak eta azkenean beharrizan kolektiboak asebetetzeko sortutako ekimenak lehenengo pausoak eman zituenetik. Begirada atzera botata, Urrestarazuk oso positiboki baloratzen du azkeneko urte honetan gertatu zaien guztia: “Horrelako proiektu bat abiatzean ikasten eta jasotzen dena asko da. Jendearen hauspoa hasiera hasieratik sentitu dugu, eta horrek sekulako indarra eman digu aurrera egiteko. Etorkizunerako eskatzen dugun gauza bakarra orain arteko lerro beretik jarraitzea da”.


Okelatar-en bila
Babes ekonomikoa lortu asmoz, Egin zaitez okelatar kide kanpaina jarri dute martxan. Kide egiten direnek gutxienez 30 euro ordaindu beharko dituzte urtean, Urrestarazuren arabera, proiektuarentzako funtsezkoa den babes eta laguntza emanez. Altsasuarrak dioenez, Okela bezalako proiektu bat aurrera eramateak diru behar handia sortzen du, debalde lan egiteaz landa, Meeting Pointetara doazen artistei ordaindu beharra baitago.  Horrela, dirua lortu eta diru-laguntza eta erakundeekiko menpekotasunik ez izateko okelatar-ak bilatzea erabaki dute. “Orain arte jendeak emandako erantzunarekin oso pozik gaude. Oraindik babes handiagoa behar dugu lasai aritu ahal izateko, baina oraingoz ezin gaitezke kexatu. Badakigu hau maratoi bat dela, eta ez esprint bat”, azpimarratzen du Urrestarazuk.