1.- Zer da kanabis kontsumitzaileen klub bat?
Pertsona kontsumitzaileek kudeaturiko leku bat da, etekin ekonomikoa lortzeko helbururik ez duena. Landaketa kolektibo baten bidez hornitzen da, eta egitura demokratiko eta autogestionatu bat dauka. Kanabisa arrazoi terapeutikoengatik erretzen duten pertsonez aparte, elkarte hauetara kalamua atsegin soilagatik erretzen dutenak ere sar daitezke.
2.- Izena edozeinek eman dezake?
Ez. Etorri nahi duenak gutxienez 21 urte eta klubaren barruan bi abalemaile izan beharko ditu. Beste era batera esanda, klubeko bazkide izan nahi duen pertsona orok jadanik sozioak diren bi pertsona ezagutu beharko ditu. Hortaz, zirkulua itxia da, klubaren barruko guztiak ezagunak baikara. Dena den, ez pentsa horrela guk nahi dugulako denik; legeak zehazten du gurea bezalako klub batek itxia izan behar duela.
3.- Zenbat ordaindu behar da bazkide izateko?
Sozioak urtean 40 euroko kuota bat ordaintzen du, bertako gastu orokorrei aurre egiteko: alokairua, argia, ura…. Horretaz aparte, kuota hori ordainduta bazkideari aholkularitza legala ematen zaio. Horrela, klubak abokatu propioa dauka, edozein arazoren aurrean bazkideen alde eginen duena. Bestalde, sozio terapeutikoen kasua aipatu behar da. Guri ez zaigu ongi iruditzen mota honetako bazkideei dirua kobratzea. Hori dela eta, hauek ez dute zertan 40 euroko kuota hori ordaindu, eta kalamua kostu preziora ateratzen zaie. Beste leku batzuetan ez dakit gauza bera egiten duten, baina guri bidezkoena hala egitea dela iruditzen zaigu.
4.- Zer dio zuen barne araudiak?
Gure barne araudiaren arabera, bazkideek debekaturik daukate erretzen sartu zein ateratzea. Horrez gain, klubeko suministroa ezin diozu hirugarren pertsona bati saldu, hau da, hemengo kontsumoa norberarena, pribatua da. Landaketa egin baino lehen kide bakoitzari urtean zenbat kontsumituko duen galdetzen diogu, eta ondoren peritu agronomo bat deitzen dugu, landaketaren inguruan aholka gaitzan. Behin hori eginda, landaketa kolektiboa egin eta dena asoziazioaren izenean jartzen dugu.
5.- Zein da gehienez kontsumitu daitekeen kantitatea?
Suministroari dagokionez, eguneko 3 gramo dagozkio bazkide bakoitzari. Lehen asteko 14 gramo kontsumi zitezkeen gehienez, baina orain legea malgutu egin da, eta asteko 21 gramo kontsumitu daitezke. Dena den, orokorrean eguneko batazbestekoa ez da gramo erdira iristen. Adin desberdinetako jendea gaude hemen, eta kontsumo ohiturak oso desberdinak dira: batzuek maiz erretzen duten bitartean, beste batzuk hilabetean ez dira ia 5 gramo erretzera iristen. Baina, esan bezala, guztien arteko batazbestekoa eginda eguneko gramo erdia baino baxuagoa da.
6.- Nola kontrolatzen duzue bazkide bakoitzaren kontsumoa?
Kontuak ordenagailuan daramatzagu. Norbait gehienezko kopuru horretara iritsi bada, ordenagailuko programa batek jakinaren gainean jartzen gaitu. Horretaz aparte, den dena apuntatzen saiatzen gara, erregistroa ahalik eta zehatzena izan dadin. Horrela, bazkide bakoitzak urtean zehar zenbat kontsumitu duen jakin dezake. Beste modu batean esanda, erregistroak ispilu baten funtzioa betetzen duela esan daiteke. Izan ere, honen bitartez bazkide bakoitzak bere kontsumo ohiturak islatuta ikusten ditu, kontsumoa gehiegizkoa izan bada hortaz ohartaraziz. Azken batean, gure helburua klubeko kideek kontsumo arduratsu bat egitea da.
7.- Gaur egun zenbat bazkide dituzue?
Oso pozik gaude, azken finean irekita soilik bi hilabete daramatzagulako. Batzarra egin bberri dugu eta 11 kideko zuzendaritza aukeratu dugu. Aurki mustuko dugu elkartea. 200 bazkide gara. Ez ditugu gehiago hartuko, elkartearen kudeaketa zailduko lukeelako. Hemendik aurrera sozio terapeutikoen eskaerak onartuko ditugu bakarrik. Sozio terapeutikoei ahalik eta erraztasun gehien eman nahi dizkiegu, azken batean, ez baita gauza bera kalamua gaixotasun kroniko bati aurre egiteko kontsumitzea edo besterik gabe gustatzen zaizulako erretzea. Edonola ere, gaur egun ez daukagu mota honetako sozio bakar bat ere. Eta ez nahi ez dugulako; Nafarroan kalamua erretzeko preskripzioa egiten duen medikurik ez dagoelako baizik. Norbait sozio terapeutiko gisa kontsideratzeko beharrezkoa da preskripzio medikoa aurkeztea, eta nahiz eta zuk jakin pertsona batek benetan gaixotasun kroniko bat daukala, preskripziorik ez badauka, ezin zaio eskaera onartu.
8.- Sakanan horrelako elkarte bat dagoen lehenengo aldia da. Nola otu zitzaizuen mota honetako proiektu bat abian jartzea?
Esparru honetan hutsune legal handi bat zegoela ikusten genuen. Landare bat edo jartzen baduzu beti ibili behar zara ezkutuan eta beldurrez. Horrela, estatutu batzuk egin eta elkarte bat sortzea erabaki genuen, legalitatearen barruan jardun ahal izateko. Dena den, nahiz eta legearen eskakizun guztiak bete, beti daukazu arriskua polizia landaketa daukazun tokira joan, landareak inkautatu eta epailearen aurrean deklaratzera joan behar izateko. Guk nahiko genukeena legeak gehienez landatu ahal den landare kopurua zein den argi eta garbi zehaztea da, baina legedian halakorik agertzen ez denez, beti gabiltza kolokan.
9.- Orain arte aparteko zailtasunik izan duzue?
Zailtasunak batez ere burokraziak eta legediak sortu dizkigute. Izan ere, paperak eta bestelako ziurtagiriak lortzea denbora dezente kostatzen da, ez da unean bertan egiten den tramite azkar bat. Bestelakoan, ez dugu arazo azpimarragarririk izan.
10.- Kalamu elkarteek inguruko bizilagunen haserrea piztu ohi dute. Zuei ere antzeko zerbait gertatu zaizue?
Ez, momentuz ez behintzat. Hala ere, jendeak kalamuarekiko aurreiritzi gehiegi dituela deritzot. Substantzia honen inguruan desinformazioa hedatuegi dago. Jendeari erakutsi behar zaio ez garela munstroak, ez dugula ezer txarrik egiten. Norbait tabernara kafe eta kopa bat edatera lasai asko joaten den bezala, kalamu pixka bat erretzea ere normaltasunez ikusia egon beharko litzateke.
11.- Nolakoa da egunerokotasuna Sakana Berdea klubean?
Bi sofa gune ditugu, bata telebistarekin eta bestea liburutegi txiki batekin. Horrela, bertan jendea patxadan egoten da, solasean, libururen bat irakurtzen, telebista ikusten… Horretaz aparte, hemendik aurrera hitzaldiren bat edo beste ematea ere espero dugu, eta aktibitatea ere sustatu nahiko genuke, mendi martxen, txangoen zein bestelako bidaien bitartez. Labur esanda, Sakana Berdea elkarte dinamiko bat izatea nahi dugu.
12.- Kanabis klubek kontsumo ilegala gutxiagotzen lagundu dezakete?
Nik behintzat hala uste dut. Geroz eta jende gehiago dago kalamua erretzeko gurea bezalako asoziazioetara joaten dena, eta horren ondorioz, geroz eta jende gutxiagok kontsumitzen du modu ilegalean. Azken batean, hemengo kalamuak merkatu beltzekoak baino kalitate hobeagoa dauka, eta hori gutxi balitz, gure prezioak merkeagoak dira. Gainera, kanabisa modu ilegalean lortu eta ondoren kontsumitzeak arriskuak dakartza. Elkarte bateko kide izanda, ordea, arriskuak askoz ere txikiagoak dira. Beraz, normala da kontsumitzaileek elkarteen dinamika gustukoago izatea.